Eskuratu daitezke 'Go!azen 8.0' ikuskizunerako sarrerak

Andoni Elduaien 2022ko ots. 17a, 13:25

Era berean, Entradium atarian eskuratu daitezke datorren asteburutik maiatzaren amaierara bitartean Azkoitian izango diren kultur ekintza gehienetarako sarrerak.

Martxoaren 19an, larunbata, Go!azen 8.0 ikuskizuna izango da Azkoitiko Baztartxo antzokian. Bi emanaldi eskainiko dituzte azken urteetan ezaguna egin den telesaileko aktoreek: lehena, 17:00etan, eta bigarrena, 19:00etan. Bi emanaldietarako sarrerak gaur jarri dituzte saltzen Entradium atarian, 6 euroren truke.

Maiatzera bitartean Azkoitian eskainiko dituzten gainerako kultur ekintza gehienetarako sarrerak ere salgai daude dagoeneko. Hain zuzen ere, eskuragarri daude asteburuko Porno vs Afrodita (edo I love #gorkaurbizu) ikusizunerako, martxoaren 5eko Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlanerako, martxoaren 12ko Esne Beltza eta Amak taldeek elkarrekin emango duten kontzerturako, apirilaren 2ko Tarara antzezlanerako, apirilaren 9ko bakarrizketa saiorako eta maiatzaren 21eko Neomak taldearen kontzerturako sarrerak.

Kultur ekintza gehiago

Azkoitiko Udalak kultur ekintza gehiago lotu ditu datozen hilabeteetarako beste zenbait eragileekin batera. Martxoaren 6an, igandea, Azkoitiko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Baztartxon, eta egun berean, Iraurgi abesbatzak kontzertua eskainiko du Gontzal Mendibil abeslariarekin batera Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. Hala eta guztiz ere, bi hitzordu horietarako ordua ez dute zehaztu oraindik.

Bertsolaritzak tarte zabala izango du Azkoitian martxoan zehar; izan ere, martxoaren 13rako, igandea, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu du udaleko Berdintasun sailak. 18:00etatik aurrera, Floreagako On Bosco aretoan bertsotan arituko dira Maddalen Arzallus, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Julene Iturbe azkoitiarra. Eresti Oiarbide izango da eguneko gai-jartzailea, eta Gari Otamendi eta Araitz Bizkai arduratuko dira musikaz. Bertso saiorako sarrerak eskuratu daitezke Entradium atarian, 8 euroren truke. Martxoaren 20an, berriz, XI. Erniarraitz Sariketako kanporaketa jokatuko da Kultur Etxean, 18:00etan hasita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide