Erregularizatzeko babes eske

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 17a, 10:01

Silvia Carrizo Malen Etxeako eta erregularizazioaren aldeko mugimenduko kidea. (Maria Maya Manterola)

Etorkinen erregularizazioa eskatzeko kanpaina abian da. Babesa eskatuko diete Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako udalei nahiz herritarrei, oro har. 

Etorkinen erregularizazioa eskatzeko kanpaina abiatzear da. Kalean eta instituzioetan babesa eskatuko dute agintariak erregularizazio prozesua martxan jartzera bultzatzeko: sinadura bilketa egingo dute, batetik; eta, bestetik, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako udaletara aurkeztuko dituzte kanpaina eta eskakizunak. "Gertuko instituzio horiek" Espainiako Kongresuko ordezkariengana iristeko bitartekariak izatea nahi dute, Silvia Carrizo Malen Etxeako eta erregularizazioaren aldeko mugimenduko kidearen arabera.

Carrizoren hitzetan, pandemiaren erdian, Italiako eta Portugalgo gobernuek langile atzerritarrak erregularizatu zituzten, "ohartu zirelako inork ezin zituela lan jakin batzuk egin". Espainiako Kongresuari eskakizun bera egin arren, ez zuen proposamenak aurrera egin. "Antolatzen jarraitu genuen, legegintzako herri ekimen hau sortu zen arte", dio Carrizok. Eskaerak 2004an orduko Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren erregularizazioaren zehaztapen berak ditu. 

Haur, zaintzaile zein saltzaile

Espainiako Estatuan 500.000 pertsona daude administrazio egoera irregularrean, Carrizok emandako datuaren arabera. Horien artean haurrak ere badaude: "Atzerritarren inguruko iruditerian ditugu zaintza lanetan jarduten duten emakume etorkinak eta kale saltzaile senegaldarrak, baina egoera lazgarriena, Espainiako Estatuan jaio arren, administrazio egoera irregularrean dauden haurrena da. Eta ez urtebetekoena: 8, 10 edota 15 urtekoak ere badaude". 

Malen Etxeako kidearen arabera, egoera horrek instituzioengandik haur horienganako "giza eskubideen urraketa bortitza" dakar: "Haur horiek 16 urte bete arte eskolatuko dira. Baina bost axola ikasle bikainak izan ala ez, edota izan duten garapena. Oinarrizko Hezkuntza jaso ondoren, Lanbide Heziketara edo Unibertsitatera joateko aukerarik gabe geratuko dira. Gizagabea da: haurtzaroan ezin diegu aukera berdintasuna eten". Carrizok gaineratu du "astakeria" iruditzen zaiola instituzio publikoek hori egitea. Gaineratu du abiatutako kanpainarekin errealitate hori ikusgarriagoa egin nahi dutela.

Babesa emateko bideak

Larunbatean abiatuko dute sinadurak biltzeko kanpaina. Gipuzkoan, Donostiako Boulevardean, Bergaran eta Hernanin jarriko dituzte aurrez aurre sinadurak biltzeko postuak. Urola Kostan ezin izango dute posturik jarri, baina atxikimendua emateko aukera izango dute herritarrek. 

Carrizok aipatu duenez, Espainiako Estatuko nortasun agiria beharrezkoa da sinadura emateko: "Badakigu erresidentzia txartela duten pertsonek kanpaina hau babesten dutela, baina ezin izango dute sinatu. Estatuak bere herritartzat dituen, eta honenbestez, bere eskubideak onartzen dizkion pertsona horiek soilik eman dezakete beren sinadura". 

Zumaian, Emakumeon* Etxean utzi dituzte formularioak. Dena den, sinadurak beren kabuz bildu nahi dituzten herritar edo elkarteek ere izango dute horretarako aukera: "Emakumeon* Etxearen bitartez gurekin harremanetan jarrita sinadura-orriak jaso daitezke". Zumaian, gaur gaurkoz, Emakumeon* Etxea, Malen Etxea eta Darahli Sahararen aldeko elkartea batu dira sinadurak biltzeko kanpainara. 

Internet bidez ere izango da eskakizunari babesa emateko bidea, wikizens.com webgunearen bitartez, hain zuzen ere. Espainiako Estatuan sinadurak biltzen ari diren elkarte guztiak ageri dira hor, baina herritar gisa beren ekarpena egin nahi dutenek ere jo dezakete webgune horretara, aurrez aurreko postuetara edo elkarteetara jo beharrik izan gabe. Kanpaina gizarteratzeko tokian tokiko elkarteekin batera kultur ekintzak ere antolatu dituztela iragarri du Carrizok. Martxoaren 8aren ondoren emango dute ekitaldi horien berri. 

Zaintza lanetako emakumeen egoeraz, Azpeitian

Emakume migratzaileak zaintza lanetan. Lan duinaren eta eremu seguruen bila izenburudun hitzaldia antolatu du Elkar-ekinek, Malen Etxeako kideekin elkarlanean. Hitzaldia otsailaren 23an, asteazkenez, egingo da, 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean.

Emakume migratzaileek bizi dituzten egoerak aztertzea izango da hitzaldiaren xedea, eta horietako askok sufritzen dituzten esplotazioa eta jazarpena ere mintzagai izango dira, halabeharrez.

Badira aste batzuk Elkar-ekin lan munduan ematen diren testigantzak biltzen ari dela, eta jasotako testigantzetako asko zaintza lanetan dabiltzan emakume migratzaileenak dira. Hainbat emakumek lanaldi luzeak, soldata kaskarrak, kontraturik gabeko lanak, sexu abusuak eta askotariko gehiegikeriak salatu dituzte testigantza horietan.

Malen Etxea elkarteak emakume horiei aterpea eta arreta eskaintzea ditu helburu, eta, horretarako, etxe bana dute Zumaian, Zestoan eta Azpeitian. Malen Etxeako kide Silvia Carrizo arduratuko da hitzaldian azapenak emateaz

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide