Ostiraleko pilota partidetarako materiala aukeratu dute pilotariek

Andoni Elduaien 2022ko ots. 16a, 18:15
Lau pilotariak gaur, Gurean, pilotak hautatu ondoren. (Argazkia: Aspe)

Elezkano II.ak eta Zabaletak ostiraleko partida irabaztea eta Irribarria-Rezusta edo Altuna III.a-Martija bikoteetako batek bere partida galtzea behar dute zuzenean finalerdietara sailkatzeko.

Etzi, ostirala, gizonezkoen eskuz binakako txapelketako pilota partidak jokatuko dituzte 22:00etan hasita, Gurea pilotalekuan. Gaur, ordea, partida horietarako pilotak hautatu dituzte pilotariek, eta Azkoitian izan dira protagonista guztiak. Promozio mailako partidan, Zubizarreta III.a eta Eskiroz arituko dira alde batean, eta Zabala nahiz Etxeberria bestean. Lehen mailako partidan, aldiz, Elezkano II.ak eta Zabaletak osatutako bikote gorria Jakak eta Mariezkurrena II.ak osatutako bikote urdinaren aurka arituko da.

Txapelketako fase erregularreko azken jardunaldiko partidetako bat jokatuko dute Azkoitian, eta Gurean gertatzen denak guztia alda lezake. Izan ere, Elezkano II.ak eta Zabaletak beraien partida irabazi behar dute finalerdietara sartzeko borrokan jarraitzeko, eta, era berean Irribarria-Rezusta edo Altuna III.a-Martija bikoteek asteburuan zer egiten duten itxaron beharko dute. Elezkano II.ak eta Zabaletak Azkoitian irabazten badute, eta azken bikote horietako batek galtzen badu, finalerdietara sartuko dira zuzenean.

Danel Elezkanok hitz egin du hedabideen aurrean pilota aukeraketaren ondoren, eta hark azaldu du "irabazi eta itxaron" egin beharko dutela. "Guztia partida bakar batera jokatuko dugu. Erikek eta Jonek oso bikote zaila eta indartsua osatzen dute. Emaitzen aldetik, agian, ez dute zorte gehiegi eduki, eta partida batzuetan ez dira duten gaitasun guztia erakusteko gai izan. Bizkaia pilotalekura irten ginen bezala atera behar dugu guk Azkoitian, oso kontzentratuta".

Ostiraleko pilota partidak ETB1ek zuzenean emango ditu 22:00etatik aurrera, baina partida zuzenean jarraitu nahi duenak eskuragarri ditu oraindik sarrerak. 20 eta 30 euro artean daude salgai atari honetan. Halere, ostiraleko 21:00etatik aurrera Gurea pilotalekuko leihatilan ere erosi ahalko dira.

Bikote bakoitzak egin duen aukeraketa:

  • Elezkano II.a-Zabaleta: 105,6 gramo; 104,9 gramo; eta 104,3 gramo.
  • Jaka-Mariezkurrena II.a: 104,8 gramo; 105,4 gramo; eta 105,1 gramo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide