Familiei zuzendutako kirol egokituko saioa egingo dute larunbatean Elkargunean

Andoni Elduaien 2022ko ots. 15a, 17:54
Kirol egokituko saioa egingo dute. (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa)

Abarketatxo ludotekak antolatu du saioa, eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Saioa osatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da familia guztiak parte hartzea.

Datorren larunbatean, otsailak 19, familiei zuzendutako kirol egokituko saioa egingo dute 16:00etan, Elkargunean. Abarketatxo ludotekak antolatu du saioa, Familia giroan programaren barruan. "Ludotekan antolatzen diren ekintzak gehienak haurrei zuzenduta daude, baina duela urte batzuk Familia giroan izeneko programa hasi ginen antolatzen, familiak umearen garapenean duen garrantziaz jabetuta", azaldu dute ludotekako begiraleek.

Harrezkero, zientzia, hezkidetza edota mahai inguruak lantzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Ekintzak horiek guztiak ludoteka barruan nahiz handik kanpo landu dituzte. Besteak beste, Eureka zientzia museora eta Olentzeroren etxera egin dituzte irteerak. Larunbatetako ekintza guztiak irekiak dira, baina badute baldintza bat: familia guztiak parte hartu behar izaten du.

Datorren asteburuan, kirol egokituari eman nahi izan diote protagonismoa Abarketatxo ludotekako kideek. "Gaur egun, kirol egokitua aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ez daude". Aktibitate horri esker, bi helburu bete nahi dituzte: batetik, ludotekan eta gazte zerbitzuan azken urteetan landu duten inklusioa bultzatzea, eta bestetik, gaiaren inguruko sentsibilizazioa familian lantzea. Familia giroan egin dituzten ekintzetarako izena ematea eskatu izan du Abarketatxo ludotekak, baina datorren larunbateko saioan ez da beharrezkoa izango.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide