Sexu heziketaren hutsunea, umorez beteta

Ane Olaizola 2022ko ots. 16a, 09:10

Benetan Be Teatroak 'Porno vs. Afrodita (edo I love #gorkaurbizu)' antzezlana taularatuko du datorren larunbatean, Baztartxo antzokian. Sexu hezkuntzaren eta hezkuntza afektiboaren gainean "hausnarketarako bidea" irekitzea da konpainiaren asmoa, umoretik eta "inori leziorik eman gabe".

Rock talde baten azken kontzertuaren aurreko soinu proba da. 15 lagun ziren taldean, eta hiru geratzen dira. "Lanak, seme-alabek, nekeak, zaildu egiten dute bizitza. Azken arnasa emateko zorian aurkituko ditugu hirurak. Ikusiko ditugu pertsona hilkorrak beren bizitzekin, pasioekin... ahal dutena egiten". Patricia Urrutia zuzendariaren hitzetan, horixe da Porno vs. Afrodita (edo I love #gorkaurbizu) antzezlanaren abiapuntua. Benetan Be Teatroak ekoitzi du antzezlana, eta konpainiak Azkoitian taularatuko du datorren larunbatean, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Sarrerak aurrez eros daitezke, udalaren atarian.

Urrutia, zuzendaria ez ezik, obraren idazlea eta aktorea ere bada, eta Juanjo Oterorekin eta Ion Zumelagarekin osatzen du lantalde artistikoa. Sinopsiak, hasiera batean, helduarora iritsi diren hainbat lagunek izan dezaketen krisialdia iradoki badezake ere, sakonean bestelako gai bati helduko dio istorioak: sexu heziketari eta afektiboari. "Bigarren plano batean daude bi mamu eta bi idealizazio goren, heroiak edo rock star-ak balira, eta hirugarren plano batean jainko-jainkosak agertzen dira, porno eta Afrodita, askatasun osoz bizitzen, neurririk gabe", adierazi du Urrutiak.

Zuzendariaren esanetan, sexu hezkuntzaren eta afektiboaren inguruan konpainiak egin zuen ikerketa izan zen obraren abiapuntua, eta gai horren inguruan dauden "gabeziak" izan dira oholtzara eraman nahi izan dituztenak: "Esaten badugu gure gazteentzat sexu hezkuntzan eta afektiboan pornoa dela erreferente nagusia, eta kontuan hartuta fizkio hori errealitatera eramaterakoan desfase bat dagoela, zer esan dezakegu oholtza gainetik? Hori izan zen gure galdera". Zentzu horretan, zera ondorioztatu zuten: "Ez gaude inori eskolarik emateko, eta gure ezintasunak gazteen ezintasunetatik ez daude hain urrun".

Taldearen asmoa da inori "leziorik" eman gabe hausnarketarako bidea irekitzea, eta egoera "latza eta mingarria" izanagatik, umorearen bidez garatu dute istorioa: "Elkarrekin barre egitean korronte askatzaile bat jartzen dugu martxan", berretsi du zuzendari eta aktoreak.

Bestalde, musikak ere protagonismo berezia izango du lanean, artistek zuzeneko musikarekin osatzen baitute emanaldia. Gainera, Gorka Urbizu musikari eta Berri Txarrak taldeko abeslari ohia ere sartu dute tartean: "Sare sozialen mundua helduen hari dramaturgikoan kokatu dugu; sare sozialen bidez bideratzen dute sasi-gertutasun hori, eta sublimazio horretarako gertuko eredu bat bilatu dugu". Hain zuzen ere, Berri Txarraken agurreko birak balio izan zion Urrutiari "gertuko jainkoek eta izarrek sortzen duten eromen kolektiboa" obrara eramateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide