Azken minutuan lortu du garaipena Anaitasunak Leioaren kontra

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 13a, 09:36
Jon Letamendia, atzo, gola sartu ondoren. (Anaitasuna)

Jon Letamendiak 90. minutuan sartutako gol ikusgarriari esker eskuratu zituen hiru puntuak Xabi Artetxeren taldeak atzo Txerloian.

Anaitasunaren gizonen talde nagusiak sendo jarraitzen du etxean, Atzo, sailkapenean gertu zuen Leioa hartu zuten Txerloian azkoitiarrek, eta partida puntu banaketarekin bukatuko zela zirudienean iritsi zen garaipena. 1 eta 0 irabazi zuen Xabi Artetxeren taldeak, 90. minutuan Jon Letamendiak egindako golari esker. Gol bakarra ikusi zuten Txerloian elkartutako zaleek, baina ikustea merezi duen horietakoa izan zen: ezker boleaz jo zuen baloia Jon Letamendiak, eta eskuadratik satu zen sareetara.

Joko trabatua eta jarraikortasun gutxikoa nagusi izan zen neurketaren lehen zatian. Gol aukerak urriak izan ziren, eta garbiena kanpokoek izan zuten. Anaitasuna izan zen, hala ere, aurkarien atera iristen aurrena: 6. minutuan, taldeko jokaldi ona area barrutik egindako jaurtiketarekin burutu zuen Axi Ugartek, baina Leioakoen atezainak kornerrera desbideratu zuen baloia. Lehen zatiko aukerarik garbiena, ordea, 30. minutuan izan zuten bizkaitarrek: jokaldi berean bitan izan zuten baloia sareratzeko parada garbia, baina Mikel Ruiz atezainak bikain erantzun zuen bi jaurtiketetan.

Bigarren zatian gol aukerak are urriagoak izan ziren. Mikel Aramendik eman zizkion lanak Leioako atezainari 54. minutuan, baina Anaitasunakoaren jaurtiketa kornerrera bidaltzea lortu zuen hark. Hortik amaierara bitartean, aldaketak izan ziren ia mugimendu bakarrak. Hain zuzen ere, aulkitik irtendako jokalari batek eman zion Anaitasunari azken unean irabaztearen poz bikoitza: 89. minutuan zelairatu zen Letamendia, eta handik minutu batera hankaz gora jarri zuen Txerloia.

Atzoko hiru puntuekin, 26 jardunaldi jokatuta, guztira 39 ditu Anaitasunak Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoaren sailkapenean; bi postu aurrera egin ditu, gainera, Leioari irabazita, eta zazpigarren tokian dira orain azkoitiarrak. Datorren asteazkenean jokatuko dira 27. jardunaldiko neurketak eta Anaitasuna Tolosaren zelaian ariko da.

Emakumeen Euskal Ligak atseden hartu du asteburuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide