Korrika antolatzen hasteko lehen batzordea egin dute

Andoni Elduaien 2022ko ots. 9a, 10:16
Batzordeko argazki bat. (Argazkia: A. Arrizabalaga)

Herriko zenbait eragile elkartu ziren atzo Elkarguneko Oteiza aretoan 22. Korrika antolatzen hasteko. Korrika Txikia, Korrika Kulturala eta kilometroen banaketa izan zituzten hizpide bileran. Hurrengo batzordea hilaren 22an egingo dute.

Korrika Batzordeak atzo, asteartea, egin zuen 22. Korrika antolatzen hasteko lehen bilera. Korrikaren inguruko hainbat xehetasun aurkeztu zituzten Azkoitiko AEK-ko kideek. Hain zuzen ere, Korrikak herrian egingo duen ibilbidea eta ordutegia azaldu zituzten, baita Korrika Txikia eta Korrika Kulturala antolatzeko asmoen berri eman ere.

Korrika Txikiaren gaineko erabakirik ez zuten hartu atzo batzordean; izan ere, gaur-gaurkoz ikasleen arteko burbuilak mantendu behar dituzte ikastetxeetan. Hala eta guztiz ere, egoeraren araberako eszenatoki guztiak aztertu zituzten, eta Korrika Txikia kalean egin ezin bada, ikastetxeetan egitea proposatu zuten. Korrika Txikia egin edo ez aurrerago erabakiko du batzordeak.

Herritarrek eta eragileek hartutako kilometroen banaketa nola egin ere hitz egin zuten bileran. Zozketa bidez egingo dute beste behin herriko kilometro zatien banaketa, eta horretarako, eguna zehaztu zuten atzo; martxoaren 29an, 19:30ean egingo dute zozketa Elkarguneko Oteiza aretoan. Batzordeko kideek nabarmendu zuten, talderen edo eragileren batek kilometro zehatz bat hartu nahi badu, arrazoitu egin beharko duela. Horrelako kasuen aurrean Korrika Batzordeak hartuko du eskaeraren inguruko azken erabakia.

Korrika Kulturala ere hizpide izan zuten atzoko batzordean. Koreografia jaialdia, zozketa eta Izarraitzera mendi irteera egitea erabaki zuten, baita Korrikaren spota herriko zenbait gunetan erakustea ere. Hala eta guztiz ere, herritarrei eta eragileei hurrengo Korrika Batzordean parte hartzeko dei egin zieten, batzordearen asmoa Korrika Kulturala guztien artean antolatzea baita. Otsailaren 22an egingo dute hurrengo batzordea Elkarguneko Oteiza aretoan. Bide batez, herritarrei Korrika laguntzailea egiteko deia ere egin zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide