Eneritz Arrieta eskuz binakako txapelketako final laurdenetara sailkatu da

Andoni Elduaien 2022ko ots. 8a, 11:00

Eneritz Arrieta, Itziarren jokatutako partidan. (Ados Pilota)

Datorren igandean, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du Arrietak final laurdenetako partida Naroa Agirrerekin batera. Etxekoloneak eta Mujikak osatutako bikotea izango dute aurkari.

Ados Pilotak antolatuta, emakume esku pilotariak Binakako Txapelketa Nagusia ari dira jokatzen lehen aldiz, eta lehian parte hartzen ari da Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarra. Txapelketa azken fasean murgiltzen hasi da; izan ere, aste honetan bertan jokatuko dituzte txapelketaren final laurdenetako partidak. Sailkapeneko hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka jokatu beharko du final laurdenetan, eta laugarrenak bosgarrenaren aurka. Lehen bi sailkatuak, aldiz, finalerdietara sailkatu dira zuzenean, eta zazpigarrena txapelketatik kanpo gelditu da.

Azkoitiarra Naroa Agirre pilotari arroarrarekin batera ari da parte hartzen txapelketan, eta biek final laurdenetako partida jokatuko dute datorren igandean, otsailak 13, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 12:00etan hasita. Arrieta eta Agirre seigarren sailkatu dira txapelketako lehen fasean, eta hori horrela, hirugarrenak izan diren Etxekolonearekin eta Mujikarekin neurtu beharko dituzte indarrak. Partidako irabazleak Amurrion (Araba) jokatuko den finalerdirako sailkapena lortuko du.

Pilotariek beraiek sortutako klubak Eusko Labelen babesarekin antolatu duen lehen txapelketa profesionalaren finalak, gainera, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte, otsailaren 27an. Pilotari guztiek beren amen abizenarekin ari dira jokatzen txapelketa; Arrieta, esaterako, Iturzaeta izenarekin ari da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide