Bizikleta berriak jarri dituzte Elkargunean

Andoni Elduaien 2022ko ots. 7a, 13:38

Indoor gelan jarri dituzten bizikleta berriak. (Argazkia: udala)

25 bizikleta berri jarri ditu udalak indoor zikloa eskaintzen duten gelan. Oraingoz, ikastaroan parte hartzen duten erabiltzaileek erabaili ahal izango dituzte bizikletak, baina, aurrera begira, udalak erabiltzaile guztiei zabaltzeko asmoa du.

Indoor zikloa eskaintzen duten Elkarguneko gelan 25 bizikleta berri jarri ditu Azkoitiko Udalak, aurrekoak "zaharkituta" geratu ostean. Bizikleta berriak erosteko, erakundeak 52.484 euro bideratu ditu. Udalak azaldu du, 2009an egokitu zutela Elkarguneko indoor gela, eta orain arte erabili izan diren bizikletak orduan jarritakoak zirela. "Nahiz eta mantenu lanak ondo egin, denboraren poderioz zahartzen joan dira", azaldu du udalak.

Bizikleta berriak indoor zikloko ikastaroetan parte hartzen duten erabiltzaileek erabili ahal izango dituzte oraingoz. Hala eta guztiz ere, bizikletak erabiltzaile guztiek erabilgarri izateko asmoa du udalak. "Ikastarorik ez dagoenean eta gela hutsik dagoenean, asmoa da Elkarguneko erabiltzaile guztiei ematea aukera ordu jakin batzuetan indoor zikloko bizikletak erabili ditzaten". Era berean, erakundeak nabarmendu du pixkanaka gimnasioko "makinak berritzeko asmoa" duela, baita "hobekuntzekin" jarraitzekoa ere.