Porrotaren zurrunbiloan murgilduta jarraitzen du Anaitasunak etxetik kanpo

Andoni Elduaien 2022ko ots. 7a, 09:25

Anaitasunako jokalariak, Urdulizen aurka. (Anaitasuna)

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak 1 eta 0 galdu zuen atzo Urdulizen (Bizkaia). Etxekoek lehen zatian lortu zuten gola, baina Anaitasunak gutxienez puntua urratzeko aukerak izan zituen. Atzokoarekin, etxetik kanpo zazpi partida galdu ditu Anaitasunak jarraian.

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak 1 eta 0 galdu zuen atzo, igandea, Urdulizen aurka. Xabi Artetxeren taldea ondo zelairatu zen Urdulizko (Bizkaia) Iparralde zelaian, baina minutuek aurrera egin ahala partidak orekatzera egin zuen. Lehen zatiko 20. minutuan egin zuten gola bizkaitarrek, eta hari erantzun nahian aritu ziren gorrixek, baina arrakastarik lortu gabe.

Intentsitate nahiz erritmo handiarekin eta azken sei partidetan Txerloiatik urrun lortutako emaitzak alde batera uzteko asmoarekin zelairatu zen Anaitasuna Urdulizen. Alex Rodriguezek izan zuen gorrixen lehen gol aukera garbia, Ander Arabaolazak ezker hegaletik erdiratutako baloia buruz errematatuta; etxekoen atzelari batek, ordea, goleko lerroan urrundu zuen baloia. Arabaolazak sortu zuen izua bigarren aldiz Urdulizen arean, Axi Ugartek atzelarien bizkarrera sakonean egindako pasearen ondoren. Taldeko golegile nagusiak, ordea, langa gainetik jaurti zuen baloia.

Urduliz ere poliki-poliki Mikel Ruiz atezainaren atera hurbiltzen hasi zen. Jokoa atzetik garatuz aurkariaren zelaira iristea izan zen Anaitasunaren asmoa, eta etxekoena presio lerroak aurreratuta azkoitiarrak estutzea. Nahi baino gehiago kostatu zitzaien gorrixei baloia jokatuz ateratzea, eta zailtasunetan ere jarri zuen tarteka bere burua. Horrela lortu zuten etxekoek hiru puntu eskuratzeko balio izan zieten gola egitea. Anaitasunak bere zelaian galdu zuen baloia, eta etxekoek Ruizen atea erasotzera jo zuten segituen. Urduliz taldeko jokalari nabarmenenak jokaldi ona osatu zuen Ruiz atezainaren aurrera iritsi eta bakarrik gola egiteko. Handik gutxira esku-eskura izan zuten azkoitiarrek banako berdinketa. Berriz ere Rodriguez izan zen protagonista. Ion Izagirreren erdiraketari buruz erantzun zion getariarrak, baina atezainak geldiketa ezin hobearekin erantzun zion. Ugartek ere izan zuen bere abagunea atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatian taldearen egitura aldatu zuen Xabi Artetxe entrenatzaileak, hiru atzelari garbi zehaztu eta taldeak ezker nahiz eskuin hegaletan sakontasun gehiago izan zezan. Urdulizek presio aurreratuarekin erantzun zion hasieran Artetxeren aldaketari. Jokoa garatzeko espazio gutxi aurkitu zituen Anaitasunak zelai erdian, etxekoek korapilatutako sarean sartu baitzen Anaitasuna sarritan. Hala eta guztiz ere, bi gol aukera garbi sortu zituen taldeak. 75. minutuan, Julen Aramendik bere oinetan izan zuen banakoa ezker hegaletik bakarrik iritsita, baina baloia gehiegi gurutzatu zuen hark. 81. minutuan, Arabaolazak ere gertu izan zuen berdinketa area barruan atzelariei aurrea hartu ondoren, baina oinaren puntarekin egindako jaurtiketan atezainak oztopatu zuen gola.

25 partida jokatu ondoren, Anaitasuna sailkapeneko bederatzigarrena da, 35 punturekin. Mutilen gotorlekua Txerloia da, eta datorren larunbatean han izango du etxetik kanpo aurkitzen ez duten gozotasunaren bat egiteko aukera. Sailkapenean gertu duen Leioa izango du aurkari Xabi Artetxe entrenatzailearen taldeak.