Juaristi ISBk sendo jarraitzen du etxean

Andoni Elduaien 2022ko ots. 3a, 08:15

Pavel Hanzlik ISBk jokalaria, uztaian zintzilik. (Mikel 'Otola')

Denboraldi honetan lortu dituen sei garaipenak etxean lortu ditu Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak. Azken garaipena atzo erdietsi zuen, Unicaja Banco Oviedo 88 eta 80 menderatuta. Manex Ansorregi jokalari azkoitiarra izan zen taldeko onena.

Juaristi ISBk indartsu jarraitzen du etxean. Atzo, asteazkena, sailkapeneko goiko postuetan dagoen Unicaja Banco Oviedo izan zuen aurrean, eta 88 eta 80 menderatu zuen Asturiasko (Espainia) saskibaloi taldea. Atsedenaldiaren ostean taldeak egindako lanari esker eskuratu zuen denboraldiko seigarren garaipena.

Lehen bi laurdenak parekatuak izan ziren Azpeitian. Lehen hamar minutuen ondoren, 17 eta 18 zen atzetik Juaristi ISB. Atsedenaldira ere kanpoko taldeak baino puntu bat gutxiago saskiratuta iritsi zen ISB. Hala eta guztiz ere, saskiratze askoko bigarren laurdena jokatu zuten Juaristi ISBk eta Unicaja Banco Oviedok; 28na puntu saskiratu zituzten.

Hirugarren eta laugarren laurdenak erabakiorrak izan ziren Azpeitiko kiroldegian. Juaristi ISBk markagailua iraultzea lortu zuen  hirugarren laurdenean (20 eta 17), eta azken laurdenaren atarira bi puntu goitik ailegatu zen Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldea. Partidaren amaiera estua izan zen, baina ISBk errenta handitzea lortu zuen, markagailua 88 eta 80an utziz.

Denboraldiko seigarren garaipena poltsikoratu du horrela Juaristi ISBk. Etxean hutsune gutxi ari da erakusten Jimenezen taldea; izan ere, Azpeitiko kiroldegian jokatu dituzten azken zazpi partidetatik sei irabazi dituzte. Manex Ansorregi izan zen ISBko jokalari onena atzo. Saskibaloi jokalari azkoitiarrak 19 puntu saskiratu zituen, 23 puntuko balorazioa eskuratzeko. Ondrej Hanzlikek eta Menno Dijkstrak ere 17 eta 16 puntu saskiratu zituzten, hurrenez hurren.

Mailari eusteko garrantzitsua izango du ISBk etxean garaipenak pilatzen jarraitzea, baina, nola ez, etxetik kanpoko puntuak ere nahitaezkoak izango ditu jaitsiera postuetatik urruntzeko. Igandean, Lleidako (Katalunia) Barris Nord Pavello kantxan arituko da Juaristi ISB sailkapenaren erdialdean kokatuta dagoen ICG Força Lleida taldearen aurka.

Thiamen lesioa

ISBk atzo jakinarazi zuen Abdou Thiam pibotak ez duela gehiago jokatuko 2021-22 denboraldian ISBrekin. Eskuin eskuan dituen arazoak konpontzeko, ebakuntza gelatik igaro beharko du pibot senegaldarrak. 22 urteko pibota Leyma Coruña taldeak utzita ari da jokatzen Juaristi ISBn, eta jokatu dituen hamalau partidetan 6,2 puntu eta 5,9 errebebote batu ditu batez beste jokatu dituen hemeretzi minutuetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide