Itzultzailea

Gema Lopez Las Heras: "Gozamena izan da niretzat 'The Country Girls' itzultzeko lana"

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 3a, 10:57

Gema Lopez Las Heras, 'Landa aldeko neskak' liburuaren ale bat eskuetan duela. (Mailo Oiarzabal)

Literatura Unibertsala bildumarako ekarri du euskarara Lopez Las Herasek (Azkoitia, 1989) Edna O’Brienen lehen eleberria. Gustura dago literatura itzultzen egin duen lehen lanarekin.

Literatur itzulpengintzan hau izan da zure lehen esperientzia. Nolatan erabaki zenuen Literatura Unibertsala bildumaren deialdira aurkeztera?

Ezagutzen nuen Literatura Unibertsala saila eta banekien urtero egiten zutela bizpahiru liburu euskarara itzultzeko deialdia, baina kaso handirik ez nion egiten, egia esan. Ikusten nuen itzultzaile nahiko famatuak edo sonadunak izaten zirela urtero bilduma horretarako liburuak itzultzeko beka jasotzen zutenak, eta iruditzen zitzaidan nigandik urruti zegoela aukera hori, ez nukeela lortuko, aurkeztu arren. Baina 2020ko deialdian Edna O’Brienen liburu hau zegoela komentatu zidan lagun batek, Urko Azpitartek, eta aurkeztera animatu ninduen. Hark azaldu zidan gutxi gorabahera zeri buruzkoa zen, ondoren neuk irakurri nuen pixka bat. Gustatu egin zitzaidan, aurkeztea erabaki nuen, eta neuri eman zidaten itzultzeko aukera. Ezustekoa izan zen niretzat.

Ez zenuen Edna O’Brien ezagutzen?

Izenez ezagutzen nuen, baina bere libururik ez nuen inoiz irakurri, ez.

Liburua eta idazlea, biak ziren berriak, beraz, zuretzat. Zer topatu duzu The Country Girls, Landa aldeko neskak horretan?

1960an argitaratu zuen O’Brienek The Country Girls eta trilogia baten lehen liburua da; bi urte geroago argitaratu zuen bigarrena [Girl with Green Eyes], eta handik beste bi urtera hirugarrena [Girls in Their Married Bliss]. Itzultzeko oso testu ederra izan da. Hasieran, kostatu egin zitzaidan lanari tamaina hartzea. Nire lehen literatur itzulpena zen, administraziorako testuak itzuli izan ditut normalean orain arte, eta horrelakoekin ez zuen batere zerikusirik. Literaturaren munduan murgiltzea ederra izan da, eta erronka handia ere bai, zeure burua behartzen duzulako sormena lantzera eta beste era batera jokatzera.

The Country Girlsen kasuan, gozamena izan da niretzat itzulpen lana, testua bera oso bizia delako, oso koloretsua. Elkarrizketa pila bat dauka, hizkera kolokial asko, erregionalismoak, slang estiloan idatzita dago... Azkoitiarroi hizkera erregistro horiek nahiko gertukoak eta egunerokoak egiten zaizkigunez, gustura aritu naiz, oso ondo pasatu dut liburua itzultzen, eta mimo handia jarri diot itzulpenari.

Eroso sentitu zara, beraz, ingeleseko hizkera kolokial edo arrunt hori euskarara ekartzen?

Landa aldeko neskak dira protagonistak, baserri mundukoak, mendi aldekoak. Elkarrizketa bat oso modu kolokialean idatzita zegoela ikusten nuenean, neure buruari galdetzen nion neuk nola esango nukeen hori, edo nire inguruko jendeak nola esango zukeen. Beraz, neuretik ere jarri dut pixka bat. Ez dut esango liburua azkoitiarrez itzuli dudanik, ez da-eta horrela izan, baina bai erabili ditudala hemengo ahozko erregistroan nahiko ohikoak diren baliabideak, itzulpena edozein euskaldunek ulertzeko modukoa izan behar zela eta lokalismo gehiegi ezin nuela erabili ahaztu gabe.

Zenbat denbora eskaini diozu lanari? Nolakoa izan da prozesua?

Liburuaren kapitulu bat aurkeztu behar izaten da itzulita deialdira, eta lagin hori aurkezteko epea 2020ko ekainean bukatzen zen. Abuztuan jakinarazi zidaten The Country Girls itzultzeko lana niri emango zidatela. Irailean hasi nintzen liburua itzultzen eta 2021eko ekaina jarri zidaten lana bukatuta entregatzeko epe gisa. Julen Gabiria idazlea lankidea eta laguna dut. Banekien itzulpen osoa irakurriko zuela nik editoreari bidali aurretik. Itzulpen fase gordina bakar-bakarrik egin dut, neuk erabakita, hasi eta bukatu, osorik. Dudatan utzitako gauzak orraztu, txukundu, eta berriro nahiko errepaso sakona eman nion testuari, eta orduan joan nintzen Juleni pasatzen, kapituluz kapitulu, berak ere bistadizo bat emateko, dudatan laga nituenak-eta ikusteko eta gainbegiratzeko. Hark bere gomendioak eta proposamenak egin zizkidan, horiekin berriz orraztu nuen testua, eta ondoren bidali nion itzulpena editoreari, Inazio Mujikari. Bi bahe horietatik pasatu da testua.

Argitaletxeak iazko ekainetik abendura bitartean nahiko lanpetuta ibili ziren, 2020an atzeratuta gelditu ziren liburu denak, 2021ekoak eta Durangoko Azokarako argitaratzekoak pilatu zitzaizkien eta; ondorioz, hau puska baterako aparkatuta utzi zuten. Durangoko Azoka bukatu ondoren, abendu erdi aldean pasatu zizkidan Inazio Mujikak zuzenketak. Azken hilabeteko prozesua izan da nik haren zuzenketak ikustea eta onartzea. Maketa eta azala duela pare bat aste pasatu zizkidaten, eta aste honetan dagoeneko salgai jarri dute liburua.

Emaitzarekin gustura al zaude?

Agian, gerora liburuaren ibilbidea ez da izango nik espero nuena. Era honetako nire lehen lana da, eta ziurgabetasuna beti dago hor, ondo egin ote duzun ala ez, baina neu oso gustura gelditu naiz egindako lanarekin eta emaitzarekin.

Literatur lan gehiago itzultzeko gogorik piztu al zaizu? O’Brienen trilogiaren beste bi liburuak itzultzea gustatuko al litzaizuke?

Gustatuko litzaidake beste bi liburuak ere itzultzea, eta itzultzailea neu izatea; ziklo bat osatzea litzakeela iruditzen zait. Beren herri txikiko bizimodu itxi eta klaustrofobikoarekin aspertuta Dublinera joatea erabakitzen duten bi neskaren istorioa da The Country Girls, eta bi protagonisten helduaroko gorabeherak kontatzen jarraitzen du O’Brienek beste bi liburuetan. Lehen liburuan, 12 urte dituztenetik 16-17 urte bitarterako istorioa kontatzen du, eta beste bietan kontakizunaren tonua aldatzen doa eta beste erregistro batzuk lantzen ditu idazleak. The Country Girls da orain arte euskaratu den O’Brienen lan bakarra. Ez dakit beste bi liburuak itzultzeko aukerarik izango den, hori argitaletxeen esku dago eta ez dakit zer asmo izango duten.

Nola gomendatuko zenieke irakurleei Landa aldeko neskak irakurtzea?

Oso-oso erraz irakurtzen den liburua da. Garai jakin bateko gizarte baten berri ematen du; euskaldunoi nahiko gertukoa zaigun gizarte batena, hain zuzen ere, hemen ere antzeko giroa bizi izan dugulako baserri munduan orain dela gutxira arte. Kontakizun nahiko sakona da, narrazioan gertatzen diren gauzak gogorrak direlako berez, baina neska txiki edo gazte baten ahotik kontatuta dago, modu inuxente edo xume batean. 1960ko Irlanda ultrakatolikoan gizarteak, patriarkatuak eta Elizak inposatutako rolei eta bizimoduari uko egin nahi zieten bi neska gazteren istorioa da, eta dezenteko eskandalua sortu zen argitaratu zenean. Debekatu egin zuten, kritikak ere nahiko gogor hartu zuen O’Brien, eta bere herriko plazan apaizak su eman zien ale batzuei. Liburua gaur egun irakurrita, sinestezina dirudi horrek guztiak, eta horregatik da garrantzitsua lana bere testuinguruan kokatzea.