Erretratua

Objektibotik begirada

Saioa Murua 2022ko mar. 18a, 09:45

Iñaki Garciaren erretratua (Gorka Larrañaga)

Iñaki Garcia argazkilaritzaz urte asko maiteminduta daramatzan azkoitiarra da. Taberna batean zerbitzari lanetan hasi zuen ibilbidea, baina betidanik izan du argazkilaritzarekiko grina. Azken 36 urteetan, publizitate eta argazkilaritza lanak modu profesionalean uztartzen ditu Garciak. Saioa Muruak otsaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako artikulua da honako hau.

Iñaki Garcia argazkilari eta publizista azkoitiarra da, eta horretara eskaintzen du bizitza. Azkoitian jaio bazen ere, argazkilaritzari esker asko bidaiatu izan du, eta alor horretako espezialitate ugari probatu ditu. Unibertsitateko irakasle gisa ere aritu zen argazkilaritza eskolak ematen, baina laster ohartu zen bere pasioa benetan konpartitzen zuen jendea inguruan edukitzea zela, ez zuela mugatu nahi argazkiak ateratzera eta horiek errebelatzera.

Garciak argazkilaritzaz hitz egiten duenean, gogoratzen du zaletasun gisa hasi zela lan horretan. Oraindik lanean jarraitzen du, baina zaletasunaz haratago, benetan bizi duen zerbait dela azpimarratu du. Hala ere, umea zenean galdetzen ziotenean heldutan zer izan nahi zuen, argazkilari izatea "inoiz" ez zukeela erantzungo adierazi du. "Argazkilaritza gogoko nuen arren, inola ere ez nukeen imajinatuko mundu honetan profesionalki aritzera iritsiko nintzenik". Gainera, arte horrekiko duen pasioaren jatorriaz hitz egitean, 12 urterekin zerbitzari lanetan ari zela ezagutu zuen sukaldari batez oroitzen da Garcia: "Guillermo sukaldariak transmititu zidan argazkilaritzarekiko sentipena, baita gure tabernara bazkaltzera etortzen ziren argazkilari handiek ere, besteak beste, On Inazio apaizak". Argazkilaritzaren barneko estilo guztiak arakatu ditu azkoitiarrak, eta horretarako, bidaiatzea behar-beharrezkoa dela dio: "Tabernara etortzen ziren argazkilariek erakutsitakoaz gain, Espainia guztian zehar, Suitzan... ibili naiz argazkilaritzaren mundua sakonago ezagutzen".

Objektiboei loturiko mundura profesionalki salto egiteko momentuaz hitz egitean, Garciak dio gustuko zer zuen pentsatzen jarri zela: "14 urte nituenean, garai hartan El Diario Vasco egunkariko berriemaile zen Sudupek egunkari horretarako argazkiak ateratzea eskaini zidan, eta une horretan ohartu nintzen argazkiak egitea zela nahi nuena". Benetan gustatzen zitzaionarekin jarraitzeko erabakia hartuta, ordura arte egiten zuena publizitatearen alorrarekin uztartzea erabaki zuen, eta gaur egun, azken hori da bere enpresaren iturri nagusia. Gainera, inguruko enpresa handiekin egin izan du lan: "Makina-erremintaren sektorea oso indartsua da hemen, eta batez ere horretan espezializatzea erabaki nuen; hain zuzen ere, inguruan oso indartsuak diren enpresekin lan egiteko ateak ireki dizkit erabakiak".

Teknologiaren aurrerapenak ere eman du zeresana argazkilaritzaren munduan. Hala eta guztiz ere, Garciak tinko heldu dio argazkilaritza tradizionalari. "Gaur egun, edonork egin dezake argazki bat eta mugikorrean gorde, baina argazkilaritza doan abiaduraren eraginez, argazki bat formatuz eta mugikorrez aldatu ezean, galdu egingo dugu. Argazki album tradizionalak, aldiz, belaunaldiz belaunaldi irekitzen eta begiratzen jarraitzen dugu". Aurrerapenak aurrerapen, Garciak adierazi du Gipuzkoako argazkilari guztientzat modu tradizionalean errebelatzen jarraitzen duela. "Gipuzkoa osoko argazkilariei karreteak errebelatzen jarraitzen dugu, eta hori argazkilaritza tradizionalari lotuta jarraitzeko modu gisa ulertzen dut". Hala eta guztiz ere, gaur egungo kamerek ateratzen dituzten argazkiei eta horien tamainari eta pisuari dagokienez, sistema berriek lana hein batean erraztu egin dutela azaldu du. Kasu horretan, bezeroei lana eman aurretik egin beharreko prestakuntza garrantzitsua dela dio argazkilariak: "Gaur egungo kamarek wifia duten arren, publizitaterako argazkiek pisu handia izaten dute, eta horrek beste prestakuntza bat ematea eta tratamendu bat izatea eskatzen du".

Herrian eskertuta

Azkoitiarraren nahia izan da herriko argazkilari soil bat izateaz haratago iristea, baina herrian izan duen harreraz esker oneko azaldu da: "Nire nahiak edo ametsak bestelakoak baziren ere, publizitateak eta herri zoragarri honek eman didan guztiak oso zoriontsu egin naute". Hain zuzen ere, Azkoitian "herri sen handia" dagoela eta herritarren laguntza zein sostengua sarri sentitu dituela adierazi du hark. "Herrian aurkitu dudan jendeari zertxobait eskertzeko eta itzultzeko asmoz, nire lanean herriko gazteei aukerak emateko joera dut", gaineratu du.

45 urteko jardunaren ostean, argazkilaritzaren, eta batez ere, publizitatearen mundua oso ongi ezagutzen ditu Garciak, eta urteak igarota, edertasun-kanonak izan duen bilakaera ere ondo ezagutzen du: "Ez dago pertsona itsusirik, eta kontrakoa dioenak, gezurra dio. Gaur egun, dena egokitzen da, baina denok dugu zerbait". Garrantzitsuena guztiok dugun "zerbait hori" argazkian islatzeko gaitasuna izatea dela dio Garciak, baina hori ez da zori kontua izaten: "Argiekin eta objektiboekin jolasten jakin behar da zenbaitetan, ez baita gauza bera haur bati edo pertsona heldu bati argazkia ateratzea". Bere ibilbide profesional luzeak ere milaka anekdota eman dizkio azkoitiarrari: "Oroitzen dut bezero batek antolatutako argazki sesio batera agertu nintzenean, hark aukeratu zuen modeloa ez zela aurrez ikusitako argazkietan agertzen zen modukoa. Beraz, sesio guztia egokitu behar izan genuen; egia esan, behin baino gehiagotan gertatu zait hori".

Espezialitate bakoitzeko erreferente bana

Aurrez aipatu bezala, herriko industriari ere oso lotuta egon da azkoitiarra, eta hori izan da makina-erremintan espezializatzearen arrazoi nagusia. Dena den, argazkilaritzari esker ere asko bidaiatu du azkoitiarrak: "Moda argazkiak egin ditut Bartzelonan, Erresuma Batuan..." Hain zuzen, Garciak argi eta garbi dio argazkilaritzaren munduan lekua egin nahi duenak beharrezkoa duela bidaiatzea eta erreferenteak aurkitzea: "Oso garrantzitsua da besteen lanak ezagutzea eta zure estiloa finkatzeko gaitasuna lantzea. Izan ere, espezialitate bakoitzean argazkilari erreferenteak izateak asko errazten du lana". Horrez gain, beharrezkoa da argazkilaritzaren oinarrizko ezagutzak eta arauak barneratzea: "Argazkiak matematika bezalakoak dira, pertsona talde bati argazki bat egiterakoan ezin duzu nahi duzun bezala jarri; arau batzuk daude, eta errespetatu egin behar dira".

Garciak etengabeko formakuntzari ere berebiziko garrantzia eman ohi dio. "Oso-oso gustuko dut ikasten jarraitzea, argazkilaritzan alor bakoitza mundu bat baita". Horrez gain, alor horretan dituen lagunengandik jaso duen jakintza ere azpimarratu izan nahi du Garciak: "Esker oneko nago argazkilaritzak eta publizitateak eman dizkidaten lagunengatik, haiengandik jakintza handia jaso baitut". Argazkilaritza oso gustoko duen arren, irudiaren munduan publizitateak ireki dizkio ate geihentsuenak: "Une honetan, publizitaterako bideo asko egiten ari naiz". Hala eta guztiz ere, arte horren barnean Garciak duen ametsik handiena zineman aritzea dela jakinarazi du: "Gauza asko ditut oraindik irudiaren munduan egiteko, baina betidanik izan dudan ametsa zineman murgiltzea da, argazki zuzendari gisa edo".

Iñaki Garcia

Adina: 61 urte.

Lanbidea: Argazkilaria eta publizista.

Argazkilaria ez banintz... jendearekin hartu-emanean egotea ahalbidetuko lidakeen beste lanbide bat izango nuke.

Erretiroaren ostean... argazki kamera bati lotuta jarraituko dudala uste dut, zorte piska batekin munduan zehar bidaiatuz.