"Guztia ondo bidean", Zazpi Kurutze mendi martxa egingo dute ekainaren 12an

Ane Olaizola 2022ko urt. 28a, 11:08

2018an egin zen azkenengoz Zazpi Kurutze mendi martxa.

Urteko ekintzen egutegia aurkeztu zuen Anaitasuna Mendi Bazkunak asteazkenean egindako batzar orokorrean. Zazpi Kurutzez gain, mendizaleek izango dute beste hitzordu berezi bat aurten: maiatzaren 1ean Kakuteko eguna ospatuko dute. Horrez gain, umeentzako zein helduentzako hainbat irteera eta ibilaldi prestatuko dituzte.

Anaitasuna Mendi Bazkunak asteazkenean egin zuen urteko batzar orokorra Elkargunean, joan zen urteko balorazioa egiteko eta hasi berri denerako dituzten asmoen berri emateko. Hain zuzen ere, aurtengo irteeren eta ekintzen egutegi proposamena jakinarazi zuen taldeak, eta horien artean, XXIV. Zazpi Kurutze mendi martxa egingo dutela jakinarazi zuen.

2018an egin zuten azkenengoz bi urtetik behin egiten duten 55 kilometroko herri mailako mendi ibilaldia; izan ere, 2020koa bertan behera geratu zen, osasun krisiaren ondorioz. Aurten, ordea, antolatzaileek egitasmoa egitea aurreikusten dute, "guztia ondo bidean". Ekainaren 12an egingo dute Zazpi Kurutzeren hogeita laugarren edizioa, igandez, eta Anaitasuna hasia da mendi martxa antolatzen; taldeak adierazi duenez, gainera, laster hasiko dira bilerak egiten. Zazpi Kurutzez gain, aurten Kakuteko eguna ere ospatuko dute, maiatzaren 1ean.

Beste hamaika irteera eta saio ere aurreikusi dituzte datozen hilabeteetarako: irailaz geroztik Xabier Munibe ikastolako Udaberri guraso elkartearekin elkarlanean hainbat ibilaldi ari dira antolatzen, eta horiei jarraipena emango diote datozen hilabeteetan. Izan ere, aurten Zazpi Kurutze izango dela aitzakia hartuta, ikasleak mendi martxaren ibilbidea osatzen ari dira lau etapatan banatuta. Aurreneko biak dagoeneko egin dituzte, eta egiteko daudenak maiatzara bitartean gauzatuko dituzte. Ondoren, ibilbide guztia osatzen duten haurrei oroigarri bana emango diete Kakuteko egunean. 

Helduei zuzendutako beste hainbat irteera ere aurreikusi dituzte 2022rako, eta horiek egutegian zehaztu badituzte ere, azpimarratu dute datetan aldaketak izan daitezkeela, besteak beste, eguraldiak hala eraginda. Hori hala, otsaila-martxoa aldean mendiko eskia praktikatzeko irteera egingo dute, eta iazko irailean egin zuten moduan, Pirinioetara ere beste irteera bat egingo dute, ekaina inguruan. "Iaz Pirinioetara joan ginenean, jendea oso gustura geratu zen. Beraz, nahi genuen beste irteera bat antolatzea, eta eguna pasatzera joan ginen Gorobel mendilerrora (Araba). Halako beste egun pasaren bat ere egingo dugu", gaineratu du Leire Garate elkarteko zuzendaritzako kideak.

Eskalada praktikatzeko beste irteera bat antolatzeko asmoa ere badu taldeak, haurrei zein helduei zuzenduta. Urrirako jarri dute hitzordu hori.

Materiala eskuragarri

Anaitasunak aurten lau arnes erosi dituela jakinarazi du—helduentzat eta haurrentzat bina—, eta gogoratu du elkarteko bazkideentzat materiala eskuragarri izaten duela. Hain zuzen ere, kranpoiak, eskalatzeko arnesak, elur-erraketak, pioletak eta kaskoak har ditzakete bazkideek, fidantza bat ordainduta. Horretarako interesa dutenek anaitasunamb@gmail.com helbidera idatz dezakete.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide