Burua eta gorputza, sasoian

Ane Olaizola (Gipuzkoako Hitza) 2022ko urt. 28a, 08:50

Pasira egitasmoa abian dute Azkoitian, adineko pertsonek elkarren artean harremana susta dezaten paseoan dabiltzanean. "Guztiz mesedegarria" dela adierazi dute.

Urtarrilaren 20a da, eta 10:00etarako Azkoitiko Aizkibel liburutegiaren ondoan elkartu dira dozena bat lagun; gehienak nagusiak, ia guztiak emakumeak. Izan ere, adineko pertsonei zuzendutako Pasira egitasmoaren 2022ko lehenengo hitzordua dute, eta elkarri “urte berri on” eta “egun on” esanez inguratu dira. Euria hasiko duen mehatxua egiten ari da zeru grisa, baina eguraldi hotzak eta umelak ez du kikildu taldea; aterkia eskuan eta kirolerako zapatilak oinetan, herrian paseo bat egiteko prest dira denak. “Gaur ibilbide motza egingo dugu, eta kafe luzea”, aurreratu du batek, zerura begira.

Azkoitiko Udalak, haren Kirol Orientazio Zerbitzuak, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak, Plaza Ondo jubilatuen elkarteak, Azkoitia Lagunkoia egitasmoak, Caritasek eta Gurutze Gorriak jarri zuten martxan ibilbide osasungarrien programa, iaz: Tipi-Tapa. Egitasmoaren sustatzaileek izena aldatu diote oraintsu, baina helburua berbera da oraindik ere: adinekoak sozializatzea, jarduera fisikoa egiten duten bitartean. Ostegunero elkartzen dira aurrez prestatutako ibilbideetako bat egiteko, eta Gurutze Gorriko kideek eta Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleek lagunduta egiten dute ibilbidea. Lehen saioan, ordea, San Sebastian egunean, huts egin dute ikasleek, eskolan jai dutelako.

Umorerik ez dute falta nagusiek. Taldeko partaide Juli Arregiren irrintzi luzea izan da taldearen abiagailua, eta bakoitzak bere erritmoan ekin dio ibilbideari. Bezperan Realak Atletico Madrili Espainiako Kopako partida irabazi izana, ETB 1eko Herri txiki, infernu handi saioan Arregi elkarrizketatu dutela-eta hark izan duen esperientzia, norberaren etxeko kontuak… Inori ez zaio falta hizketarako gairik, eta, egun seinalatuan, ondoko herriko zaindaria ere gogoratu dute; ibilbidean geldialdia eginez, San Sebastian martxa abesteko aprobetxatu dute atsedenaldia.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.