Txillardegik hainbat aldizkaritan argitaratutako kronikak bildu ditu Juan Luis Zabalak

Andoni Elduaien 2022ko urt. 28a, 09:00

Zabala, erdian, aurkezpen egunean. (Armiarma)

Jose Luis Alavarez Txillardegik 1968tik 1986. urtera artean Euskal Herriko hainbat aldizkaritan idatzi zituen hogei kronika baino gehiago jaso dituzte azkoitiarrak eta Koldo Izagirre idazleak Kronikak liburuan.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik (Donostia, 1929-2012) Euskal Herriko hainbat aldizkaritan argitaratutako kronikak bildu dituzte Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak eta Koldo Izagirre idazle pasaitarrak (Gipuzkoa). Kronikak izenburupean argitaratu du liburua Susa argitaletxeak. 1968tik 1986. urtera bitartean idatzitako hogei kronika baino gehiago bildu dituzte bi idazleek. Zabalak azaldu duenez, kronika gehienak Zeruko Argia aldizkaritik ateratakoak dira, baina Punto y Hora de Euskal Herria, Plazara, Anaitasuna eta Argia aldizkarietako kontakizunak ere jaso dituzte. Izan ere, Txillardegik leku eta gertaera ugariren inguruko kronikak argitaratu zituen hainbat mediotan, eta bi idazleek donostiar idazleak bertatik bertara jaso zituen lekukotzak bildu dituzte orain.

Txillardegi Liburutegia ekimenak Izagirreri egindako proposamena izan zen liburua idazteko abiapuntua; izan ere, Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrenaren bueltan zerbait idaztea proposatu zioten hari. Pasaitarrak izan zuen aldizkarietan jasotako kronikak biltzeko burutazioa, eta azkoitiarrari proposatu zion gero. "Izagirrek hautatu zituen Txillardegiren kronikak, eta nik gaurko euskara batuaren arauetara egokitu ditut horiek. Balio literario handiko kronikak dira, oso interesgarriak", adierazi du Zabalak. 2020ko San Tomas egunean jaso zuen Zabalak Txilardegiren kroniken bildumaegiteko Izagirreren proposamena. "Izagirrek bilduta zuen ordurako kronika multzo handi bat, egina zuen aukeraketa. Aldizkarietatik kronikak eskaneatuta bidali zizkidan, horiek txukuntzeko eta bion artean komentatzeko. Aurreratuta zuen liburua". Zabalaren arabera, hamabost kronika osatuta zituen Izagirrek eta horiek txukuntzen aritu zen azkoitiarra. Pasaitarra "etengabe bilaketan" aritzen den pertsona da, ordea, eta Txillardegiren kronika gehiago aurkitu zituen; horiek osatzen aritu dira bi lagunak.

Txillardegik argitara eramandako kronikez gain, liburuaren hitzaurrea eta gehigarri bat ere erantsi dituzte idazleek liburuan. Hain zuzen ere, Txillardegiri buruz Zabalak Berria egunkarirako egin zuen erreportajea txertatu dute liburuan. Izan ere, 2006. urtean, azkoitiarra Ferrolen (Galizia) izan zen Txillardegirekin batera. 1956an, soldadutza egiten ari zela idatzi zuen Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua nobela, itsasotik gertu zegoen barrakoi batean. "Euskal nobelagintza modernoaren aitzindaritzat hartzen da Letuariaren egunkari ezkutua, eta nobela hura idatzi zuen barrakoien bilaketa ardatz hartuta egin genuen bidaia Ferrolera. Hiru egunetako erreportaje bat publikatu genuen, eta orain, liburuan gehitu dugu", esan du idazle azkoitiarrak.

Kroniketan irakurgai

Zabalak Txilardegik idatzitako kroniketan ikusi du agerikoa dela donostiarrak zuen alderdi humanoa. "Txillardegiren irudia militante erradikal eta euskaltzale nahiz abertzale oso konbentzituarena izan da beti. Kroniketan, baina, bere alderdi humanoa nabaritu daiteke. Beti, gainera, ahularen inguruko kezka agertzen du idatzietan. Jakin-min handia eta justizia gosea ikus daitezke. Egin zituen bidaietan, ordea, gizakia eta hizkuntza dira gehien nabarmentzen diren gaiak. Euskara izan zen Txillardegiren pentsamenduaren eta militantziaren ardatza, eta horri lotuta, abertzaletasuna. Nabari daiteke hizkuntzarekiko zuen kezka, besteak beste, Galesera edo Andorrara joaten denean. Euskal Herrian dabilenean ere bai, batez ere Barkoxen (Zuberoa); euskaldunen artean frantsesa entzutea mingarria egiten zitzaion". Halere, beste gai batzuekin ere egin du topo Zabalak Kronikak liburua ontzeko orduan, hala nola ikasleen iraultzak, erlijio adierazpenak eta kontzientzia kontuak.

Genero aberatsa

Liburuak Txillardegirekin espazioan eta denboran bidaiatzeko aukera ematen du, Zabalak azaldu duenez. "Espazioan urrutira joateko aukera dago: Norvegiara, Ameriketako Estatu Batuetara, Andorrara, Galesera… Denboran ere atzera egiten da bidaia, 60ko eta 70eko hamarkadetara. Segituan ohartzen da bat Txillardegik dituen kezkak ez direla turista arruntek dituztenak. Oso gaurkoak eta hemengoak diren gaiei buruz hitz egiten du hark, hala nola ekonomiaren funtzionamendua, espiritualitatea eta hizkuntza. Kezkaz bizi ditu beste hizkuntzak ere, batez ere hizkuntza gutxituak". Kronikak liburuarekin kronika literarioak "aintzat hartzea" ere nahi du bikoteak. "Kronika oso genero aberatsa izan daiteke, beti ere idazlea ona denean. Kasu honetan hala gertatzen da; idazle bikain baten kronikak ditugu eskuartean".