Ibilbide berria izango du apirilaren 30ean jokatuko duten Azkoitiko Duatloiak

Ane Olaizola 2022ko urt. 27a, 08:36

Duatloi zaleek hainbat hitzordu izango dituzte apirilaren 30ean, Azkoitri triatloi taldeak hiru proba antolatu baititu egun horretarako; umeena, herrikoia eta federatuena. Azken horretan, gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko distantzia motzeko txapelketak ere jokatuko dituzte. Izen-ematea aurrerago zabalduko dute, baina ibilbidea zehaztu dute antolatzaileek. 

Hainbat urteko etenaren ondoren duatloia Azkoitira itzuliko da datorren apirilaren 30ean. Izan ere, federatuentzako duatloia 2017an egin zuten azkenengoz herrian, eta herrikoia, berriz, 2019an. Bi hitzordu horiek berreskuratu ditu orain Azkoitri triatloi taldeak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, taldeak aurten 30 urte bete dituela-eta erabaki dute berriz herrian probak prestatzea. Hain zuzen ere, hiru lasterketa egingo dituzte egunean zehar: goizean, umeentzako duatloia egingo dute; ondoren, duatloi herrikoia; eta arratsaldean, federatuentzakoa. Azken proba horretan, gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko distantzia motzeko txapelketak ere jokatuko dituzte.

Apirilaren 30ean, 16:00etan hasiko da Azkoitiko Duatloia, eta aurten, distantzia motzeko formatua berreskuratu dute antolatzaileek. Hori hala, guztira 55 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek: 10 kilometro korrika, 40 kilometro bizikletan eta beste bost kilometro korrika. Gainera, aurreko edizioetako ibilbide desberdina izango du porbak: izan ere, lehenik zirkuitu bati bi bira emango dizkiote korrika, eta ondoren, Azpeitia, Nuarbe eta Errezil zeharkatuko dituzte bizikletan —aurreko probetan Zumarragara joaten ziren—; amaitzeko, herrian bost kilometroko beste bira bat egingo dute lasterka. 400 metroko malda positiboa izango du ibilbideak eta drafting gabekoa izango da.

Euskal Herriko duatloi zirkuituan distantzia motzeko proba bakarra izango da Azkoitian jokatuko dutena, eta horregatik lehiatuko dira orduan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere. Gainera, distantzia motzeko duatloi bakarra izanik, antolatzaileek parte hartze handia espero dute Azkoitiko probarako.

Taldeak zehazteko ditu oraindik hiru proben xehetasunak, baina aurreratu duenez, duatloi herrikoia proba egokitua izango da. Hori hala, gurpildun aulkiekin ere egin ahal izango denez, aurreko edizioek izan zuten ibilbidea moldatu egingo dute antolatzaileek: parte hartzaileei maldak saihesteko asmoz, Santa Kutzera igo beharrean Juin industrialde ingurura bideratuko dute aurten ibilbidea, besteak beste. Guztira, 2,5 kilometro lasterka, 10 kilometro bizikletan eta 1,25 korrika egingo dituzte kirolariek herrikoian.

Izen-ematea, aurrerago

Azkoitiko Duatloian parte hartzeko izen-ematea itxita dago oraindik, eta Azkoitrik jakinarazi du aurrerago zabalduko duela: "Oraindik gauza asko ixten ari gara, eta espero dugu otsaila-martxoa aldean irekitzea. Izen-emateak mailakatutako prezioa izango du; hasieran merkeagoa izango da amaieran baino, jendea animatu dadin hasieran inskribatzeko eta modu horretara errazagoa izan dadin antolakuntza lanak egiteko".

Bestalde, jakinarazi dute lasterketa egunerako boluntario taldea osatzeko deialdia egingo dutela laster. "Guretzat oso garrantzitsua da boluntarioak lortzea, eta horien lana ere saritu egingo dugu aurten". Azkoitri taldeak sare sozialetan egingo du horretarako deialdia. Era berean, lasterketetarako hornikeketa gastu guztiak Azkoitian bertan egingo dituztela adierazi dute antolatzaileek.