Elkano, itsasontzitik oholtzara

'Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundu bira' ikuskizuneko irudi bat. (Kresala dantza taldea)

Kresala dantza taldeak Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundu bira dantza ikuskizuna eskainiko du larunbatean, 19:00etan, Baztartxo antzokian, eta ia dena prest du taldeak emanaldirako. Aiora Marigil dantzariak adierazi duenez, "dantzaz haratago doan ikuskizuna" da eskaintzen dutena.

30 dantzari, hogei musikari eta lantalde oso bat atzean. Horixe da Kresala dantza taldearen Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundu bira dantza ikuskizunaren erradiografia. "Euskal nabigazioaren urrezko aroan" du sorkuntzaren abiapuntua Faustino Aranzabalek eta Idoia Ibarzabalek zuzendutako lanak, eta Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizonak munduari eginiko itzulia da obraren muina. Hala dio sinopsiaren zati batek: "Nabigazioak utzi duen arrastoa agerikoa da euskaldunok itsasoan barnako ibilietan eta munduaren kontzepzio modernoan izan duten lehen mailako eragin historikoan".

Hamazazpi eszena dituen balleta da Amoria & Dolore, eta askotariko diziplina artistikoak uztartzen dira ikuskizunean; esaterako, poesia, musika eta antzerkia nahasten dituzte. Aiora Marigil ikuskizuneko dantzariaren arabera, "dantzaz haratago doan emanaldia" eskaintzen ahalegintzen dira: "Saiatzen gara istorio bat kontatzen; kutsu poetikoa du emanaldiak, eta musikarekin zein artearekin ere lotura estua dauka. Adibidez, dantzarien jantziak oso zainduta daude, eta argiztapenak ere zentzua du. Denak du abiapuntu bera". Artzeren, Etxepareren eta Galeanoren olerkiak ageri dira ikuskizunean, eta Jon Etxabe, Daniele Carnovich, David Sagastume, Donostiako Orfeoia, Gazte Abesbatza eta Orfeoi Txikia, eta Leire Berasaluze, Josean Bengoetxea, Maika Etxekopar eta Asier Hernandez errezitatzaileak izango dira.

Dantzari dagokionez, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, "kutsu garaikidea" duen ikuskizuna dela nabarmendu du Marigilek, eta garai hartako "itsasoari loturiko bizimoduaren islada" dela dio: "Maitasunaren eta zailtasunaren arteko metafora irudikatzen du, besteak beste, ikuskizunak". Hortik dator izena ere: Amoria & Dolore.

Dozenaka emanaldi

Ekuadorren egin zuen Donostiako dantza taldeak ikuskizunaren aurrestreinaldia, eta Bilboko Euskalduna jauregian estreinatu zuten ondoren, 2020ko uztailean. Hortik aurrera, azken urtean Euskal Herriko hamaika txokotan emanaldi asko eskaini ahal izan dituztela azaldu du Marigilek, nahiz eta pandemiak horietako batzuk oztopatu dituen: "Hasiera zaila egin zitzaigun; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eman behar genuen ikuskizuna, adibidez, bi aldiz atzeratu behar izan genuen. Hala eta guztiz, iaz herri askotan egin ahal izan genuen dantza".

Jendearengandik jaso duten erantzuna ere "oso ona" izan dela dio dantzariak: "Jaso ditugun kritikak positiboak dira, eta ikus-entzuleen harrera ere bai. Beti da positiboa garai hauetan dantzatzen jarraitu ahal izatea eta herrietatik ikuskizuna egiteko deiak jasotzea". Ildo beretik, obraren laguntzaile den Mundubira 500 Elkano fundazioko kideengandik ere "feedback ona" jaso dutela azaldu du Marigilek: "Haien laguntzarekin emanaldi bat egin ahal izan genuen Getarian, eta asko gustatu zitzaien. Fundazioarekin lankidetzan jarraitzeko asmoa dugu etorkizunean izan ditzakegun proiektuetan ere".

Momentuz, Azkoitikoa da Kresala dantza taldeko kideek lotuta duten azken azken emanaldia, baina Amoria & Dolore ikuskizunaren birarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. Gainera, proiektu berriak ere eskuartean dituztela azaldu du Marigilek.

Sarrerak salgai

Dagoeneko eskuragarri daude Azkoitiko Udalaren webgunean Amoria & Dolore ikuskizunerako txartelak, eta zortzi euroren truke eskura daiteke txartel bakoitza. 19:00etan izango da emanaldia, Baztartxo antzokian. Maxixatzenek bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu bazkideen artean, eta zozketan parte hartu nahi duten bazkideek bihar, osteguna, 12:00etara arteko epea izango dute horretarako; honako lotura honetan bete daiteke parte hartzeko txantiloia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide