Madariagako eliza eraberritzeko 40.000 euroko dirulaguntza eman dio udalak parrokiari

Andoni Elduaien 2022ko urt. 14a, 09:49
Zubizarreta, ezkerrean, eta Azurmendi, eskuinean. (Udala)

Bi aldeek gaur sinatu dute akordioa udaletxean. Hitzarmenean jaso dutenaren arabera, udalak kultur ekitaldiak, jaialdiak eta bestelako ekintzak elizan antolatzeko aukera izango du.

Azkoitiko Udalak 40.000 euroko dirulaguntza eman dio Andre Mariaren Jasokundeko parrokiari, Madariagako San Isidro eliza eraberritzeko. Hizarmena Javier Zubizarreta alkateak eta Felix Azurmendi erretoreak eta parrokiako ordezkariak sinatu dute udaletxean.

Udalak diruz lagundu du esku-hartzea "elizak duen balio historikoagatik". Akordioaren arabera, gainera, erakundeak eliza erabili ahal izango du kultur ekitaldi, jaialdi edo beste zenbait jarduera antolatzeko, betiere, "tenpluaren kultu izaeraren aurka ez badoa". Udalaren arabera, elizak eta inguruak aukera ematen dute formatu txikiko jarduerak antolatzeko edota bertako ondarea nahiz balio historikoa ezagutzera emateko, bisita gidatuen edo erakusketen bidez. Madariaga auzoko San Isidro eliza 1841ean inauguratu zen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide