Tuterako hilketa matxista salatu dute plazan

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 13a, 20:37
Gaurko elkarretaratzea, plazan. (Sostenipe)

Indarkeria matxistari aurre egiteko "baliabideak" eskatu eta borroka feministaren garrantzia aldarrikatu ditu Sostenipek gaurko elkarretaratzean.

Hainbat herritar elkartu da gaur arratsean herriko plazan, Sostenipe talde feministak Tuteran jazotako hilketa matxista salatzeko egindako deialdiarekin bat eginez. Emakumeok aske eta bizirik! zioen elkarretaratzean zabaldu duten pankartaren leloak.

Enegarren hilketa matxistaren, urtea hasi eta berehala Euskal Herriko aurtengo kontagailu tamalgarria abian jarri duenaren aurrean, "2022a ere ez da urte erraza izango", nabarmendu du Sostenipek. "Feministok behin eta berriro esango dugu, estrukturala den arazo baten aurrean gaudela. Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da. Nazkatuta gaude behin eta berriz berdina oihukatzeaz, ez gara isilduko".

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko eta "eraldaketa soziala" ahalbidetzeko "baliabideak" eskatu dizkie erakundeei Azkoitiko talde feministak: "Lehenengo eta behin, osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko eta unibertsalak bat behar ditugu. Izan ere, babestu behar gaituztenen joko arauak berriro porrot egin du. Zerbitzu publiko osasuntsuak eta biolentziarik gabeko espazio seguruak behar ditugu, pairatzen dugun biolentziak erreproduzitzen jarrai ez dezan. Gizarte gisa gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu, ekimen desberdinak bultzatu behar ditugu... Guzti horretarako indarrak batu, eta eraldaketa bultzatu behar dugu".

Eraldaketa sozialaren bidean borroka feministak duen garrantzia ere aldarrikatu du beste behin Sostenipek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide