Iban Larrañaga: "Binaka lortutako txapela mugarria izan da nire ibilbidean"

Andoni Elduaien 2022ko ots. 1a, 09:02

Iban Larrañaga. (Argazkiak: Alex Berasategi)

Iban Larrañaga (Azkoitia, 1992) erremontistak duela zortzi urte egin zuen onenen artean debuta, Oriamendi enpresarekin. 2019an Javier Urrizarekin lortu zuen moduan, binakako txapela berriz janztea du amets. Erremontearen lehenaz, orainaz eta geroaz aritu da hizketan.

Oriamendi enpresan aritzen zara erremontean. Noiz hasi zinen?

Erremonteko partidak ikustera joaten hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidan kirola. Gertuko baten laguntzari esker, proba egiteko aukera izan nuen. Erremontean ibiltzen ziren ezagun batzuek gomendioak ematen zizkidaten, baina lehen urratsak nire kasa egin nituen, inguruetako pilotalekuetan. Oriamendi enpresaren Azpeitiko eskolan egin nituen lehen urratsak, Peio Aizpuru entrenatzailearen laguntzarekin. 2010. urtearen amaieran, ordea, ordura arte Azpeitian entrenatzen zuten erremontista gehienak entrenatzera Galarreta frontoira (Hernani, Gipuzkoa) joaten hasi ziren. Azpeitian erremontista gutxi gelditu ginen, eta neu ere Galarretara joaten hasi nintzen segituan. Igor Sarasuak gidatuta, bi urte eta erdi igaro nituen Galarretan, astean hiru entrenamendu eginez.

Nola moldatu zinen hasieran?

Hasiera gogorra izan zen, ez bainituen hiru pilotakada bata bestearen atzetik jotzen. Neurria hartutakoan, ordea, esker oneko kirola bihurtzen da erremontea. Eskuz edo palaz hasi berria den norbaitek ez du lortzen lehen hilabetean pilota errebotera bidaltzerik; erremontean, ordea, bai. Inor banintzela pentsatzera iritsi nintzen orduan. Moralak gora egin zidan, baina laukotean jokatzen hasitakoan, berriz ere neure tokian jarri ninduen erremonteak. Kirol guztietan bezala, ordu asko sartu behar dira erremontean ere.

Eman zizuten aukera aprobetxatzen jakin zenuen.

Mailaren arabera, hainbat taldetan banatzen zituen pilotariak Galarretako entrenatzaileak. Afizionatuetan aritzeko maila zutenak elkarrekin aritzen ziren, eta besteok aparteko multzo batean ibiltzen ginen. 2012ko sanferminetan, ordea, bost pilotari Iruñera eraman gintuzten proba egitera. Beste lau erremonistek nik baino maila hobea zuten. Hala ere, uste baino hobeto atera zitzaidan proba, baina besteek esperientzia gehiago zutelako, haiei eman zieten debuta egiteko aukera. Nire debuta hurrengo urtean iritsiko zela esan zidaten, eta halaxe izan zen; 2013ko maiatzaren 25ean jokatu nuen lehendabizikoz lehen mailan.

"Benetako erremontea ikusi nahi duenari Galarretara joateko esango nioke"

Pixkanaka maila hobetzen joan zara, eta onenen artean lekua egitera iritsi zara orain.

Oriamendi enpresa martxan jarri zenetik 2020ra arte, ostegunero eta larunbatero izaten ziren jaialdiak Galarretan, eta egun bakoitzean lau partida jokatzen ziren. Sekulako partida pila jokatzen genuen orduan. Pentsa, urte batean 96 norgehiagoka jokatzera iritsi nintzen. Pilotari guztiok jokatzen genituen 70 partida baino gehiago, baina urte hartan adina ez dut jokatu inoiz.

Erremontea osasuntsu zegoen, beraz.

2000tik 2010. urtera artean egongo zen erremontea mailarik gorenean. Juan Antonio Ercilla Galarreta pilotalekuko orduko buruak, ordea, frontoia ixtea erabaki zuen 2009. urtean, errentagarria ez zelako. Gero, Oriamendi enpresa jarri zuten martxan pilotari ohi batzuek, eta 2020. urtera arte Galarreta alokairuan hartu zioten Ercillari. Kontratua amaitu zenean, berriz, Galarreta erostea erabaki zuten Oriamendiko egungo jabeek; frontoia beraiena da orain. Erremontea zaharkituta gelditzen ari zelakoan, zenbait lan egitea erabaki zuten haiek. Orain, esaterako, txapelketak daudenean soilik irekitzen dute Galarreta, jendea pilotalekura erakartzeko bidea hori dela ikusten baitute.

Zein da Galarretako erremontearen egungo egoera?

Oriamendi enpresari ondo joan zitzaion lehen urteetan, baina pixkanaka, behera egiten hasi zen erremontea; batetik, jende gutxiago hasi zen joaten frontoira, eta bestetik, apustuak asko jaitsi ziren. Gaur egun, duela 15 urte jokatzen zenaren erdia baino gutxiago jokatzen da apustuetan. Gizartea aldatzen ari da, eta apustuen mundua amaitzen. Orain, gazteak erremontera animatu nahian ari da enpresa. Ahalegin berezia ari dira egiten sare sozialen, babesleen eta telebistaren bitartez.

Erremontetik kanpo ere lan egiten duzu. Erraza al da lana eta kirola uztartzea?

Ez dut inongo arazorik. Debuta egin nuenerako hasita nengoen lanean, eta ez nuen arazorik izaten entrenatzeko, lanetik irtendakoan egiten bainituen lan saioak. Ostegunetan, ordea, 16:00etan hasten ziren jaialdiak Galarretan, eta debutatu berria nintzen garaian, lehen partida jokatu behar izaten nuen. Lantegian, baina, ez didate inoiz eragozpenik jarri. Hala eta guztiz, erremontista guztien lan ordutegia ez da berbera, eta erreleboan lan egiten dutenek, esaterako, arazo gehiago izaten dituzte. Orain, astearteetan eta ostegunetan egiten ditugu entrenamenduak. Kike Elizalde enpresako intendenteak zuzentzen ditu saioak, eta hura kantxan dagoenean txorakerietarako gogo gutxi egoten da. Ehuneko ehunean entrenatu behar izaten dugu.

Erremontean hasi aurretik esku pilotan ibili zinen. Kirol oso desberdina da, ezta?

18 urte nituenean utzi nion pilotari, aurrera egiteko aukera gutxi ikusten nion-eta nire buruari. Halaber, eskuetatik ere asko sufritzen nuen. Pilotan ibili izanak, ordea, asko lagundu dit erremontean. Oso kirol desberdinak dira, bai, baina kantxa barruko jarduera denez, berbera da sena. Segituan nabaritzen zaio erremontistari aurrez pilotan, palan edo futbolean ibilia den. Esku pilotan erabiltzen ez den postura bat sarritan erabili behar izaten dugu erremontean: goiko postura. Pilotako postura da nirea, behetik gorakoa, eta asko kostatu zait goiko postura hori hartzea. Pilotan ibili izan ez banintz, ordea, beharbada ez nintzatekeen erremontean ezer egitera iritsiko. Esku pilotan ikasitako gauza asko baliagarri izan zaizkit erremontean.

"Esku pilotan ikasitako gauza asko baliagarri izan zaizkit erremontean"

Nola definituko zenuke zure burua erremontean?

Eguna dudanean, sake eta errebote ona ditudala esango nuke. Piloteorako, berriz, beheko postura dut arma nagusia. Erremontean, atzelari batek sake ona izan behar du. Oso garrantzitsua da sakea, askotan egiten baita min modu horretan. Sakearekin tantoa zuzenean egiten ez bada ere, sake ona aterata tantoa menderatzera iristeko aukera asko daude. Atzelariak, bestalde, asko jo behar izaten du errebotera, eta nire burua gogor hartu izan dut horretan. Piloteoan ondo moldatzea ere ezinbestekoa da. Maila gorenean pilota gutxi galdu behar izaten da, eta hori urteen poderioz lortzen da.

Erremonte luzerako pilotaleku bakarra duzue, Galarreta. Muga bat al da hori jokalariontzat?

Erremontearen katedrala da Galarreta. Badira erremonte luzea jokatzeko pilotaleku gehiago ere, hala nola Uharteko (Nafarroa) Euskal Jai Berri eta Azpeitiko Izarraitz. Baina desberdina da. Galarretak xarma eta esentzia berezia ditu, han bestelako hotsa ateratzen du pilotak eta frontoia bera ere noblea da. Erremonteko benetako pilota partida bat ikusi nahi duenari Galarretara joateko esango nioke. Egia da, era berean, Galarretan bakarrik jokatzeak gauza asko mugatzen dizkigula. Handik kanpo ere jokatzen dira partidak, baina horiek jendea Galarretara bideratzeko osagarriak direla iruditzen zait. Pilotaleku motzeko erremontea ere behar- beharrezkoa da, Galarretara oraindik iritsi ez denari erremontea zer den erakusteko, baina erremontea ez litzateke erremontea izango Galarreta gabe.

Erremontea indartzeko ahaleginetan ari dira. Zein urrats ari dira egiten?

Jendea gutxitzen ari zen Galarretan, eta orain, publiko gaztea erakartzea da asmoa. Zer egin behar da publikoa frontoira erakartzeko? Galdera ona da, baina erantzun zaila du. Gaur egun, kirolak ezin du funtzionatu telebista gabe, beharrezkoa da etxe guztietara zabaltzeko. Horretarako, ordea, produktu interesgarria sortu behar da. ETB lan handia ari da egiten erremontean: besteak beste, buru gaineko GoPro zein perspektiba desberdinetako kamerak erabiltzen dituzte, kantxarako irteeretan kea eta argiak jartzen dituzte, pilotarion audioak sartzen dituzte... Frontoian ere saiatzen dira ikusleei eskaintzak egiten. Sare sozialetan, publizitate eta zozketa asko egiten dituzte, eta pilotalekurako sarrera ere merkeagoa da 30 urtetik beherakoentzat. Tartean-tartean ikusten dira gazteak Galarretan; sanferminetako txapelketako finala jokatu genuenean, esaterako, 800 bat lagun elkartu ziren frontoian, eta asteazken arratsaldea zen. Oso zaila da jendea pilotalekura erakartzea, baina ahalegintzen ari dira.

Erremontean bide desberdina hartu duten bi enpresa daude. Zer iritzi duzu horretaz?

2019aren amaieran, enpresa berri bat sortzeko ideiarekin hasi ziren Nafarroako bi enpresari, eta pilotari guztioi proiektua ere aurkeztu ziguten. Oriamendi enpresa utzita, Nafarroako Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioaren eskaintza onartzea erabaki zuten pilotari batzuek. Hamar bat pilotarik utziko zuten Galarretako enpresa, eta ondorioz, pilotari gutxiago gelditu ginen gure taldean. Nafarroako enpresak herri txikietan eta frontoi motzetan antolatzen ditu txapelketak, eta Oriamendi enpresak, berriz, Galarretan. Pena handia da bai Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioko eta bai Oriamendi enpresako pilotariontzat elkarren artean ez lehiatzea. Hara joan ziren pilotari asko lagunak ditut, gainera.

"Etorkizunean erremontean ere enpresen arteko txapelketak jokatuko diren itxaropena dut"

Larrañaga, partida batean. (Oriamendi 2010)

Zer egingo zenuke erremonteak egun bizi duen egoera hobetzeko?

Erremonteko bi enpresak ados jartzea gustatuko litzaidake. Tristea da 30 pilotari dituen kirol batean batzuk alde batetik eta besteak bestetik ibiltzea; galera handia da erremontearentzat. Elkartuko bagina, erremontea kirol indartsuagoa bihurtuko litzatekeela uste dut. Era berean, lehiakortasun handiagoa izango genuke, eta ikuskizunerako ere maila hobea sortuko litzateke. Bestalde, herrietara aterako nuke erremontea, eta frontoi motzetan eta festetan sartuko nuke, jendeari zer den erakusteko; izan ere, jendeak ez du inoiz Galarretara joateko bidea egingo gure kirola zer den erakutsi gabe. Gainera, ahalik eta txapelketa gehien jokatzearen aldekoa naiz, baita posible den guztietan horiek telebista bidez ematearen aldekoa ere. Horrez gain, garrantzitsua da eskola berriak abian jartzea. Erremontean interesatuta dauden herrietako umeei zestoa eta pilota eman behar zaizkie, soilik modu horretan bermatuko baita etorkizuna.

Zer etorkizun aurreikusten diozu erremonteari?

Eraberritzen ari da erremontea, telebista sartu delako eta enpresaren funtzionamendua bestelakoa delako. Lehen ez zen egin erremontea berritzeko saiakerarik, eta uste dut modu hartan jarraituz gero, egunak zenbatuta izango zituzkeela erremonteak. Orain, enpresak eta ETBk duten elkarlanaren ondorioz, gauza berriak ari dira probatzen: partida egunak eta orduak aldatzen dituzte eta telebistan ematen dituzte. Azken urteetan jende askok galdetu izan dit erremonteari buruz; zerbait aldatzen ari den seinalea da. Gainera, badira maila oso ona erakusten ari diren erremontista gazteak ere. Esku pilotan jokatzen diren moduan, etorkizunean erremontean ere enpresen arteko txapelketak jokatuko diren itxaropena dut. Urte askoan kantxan aritzeko moduko pilotariak daude gaur egun. Asko esan nahi du horrek guztiak, eta ea pixkanaka gora egiten laguntzen diogun erremonteari.

Zure urterik onenak iristeko al daude?

Baietz espero dut. 2019an irabazi nuen Binakako Txapelketa Javier Urrizarekin; hura izan zen, gainera, erremonteko bi enpresa banandu aurreko azken txapelketa. Txapel hura irabazteak asko lagundu dit gerora, gora egin bainuen. Maila hobeko pilotaria bihurtu ninduen binakako txapelketa hark.

Urrizarekin txapela jantzi zenuen txapelketa izan al da zure ibilbideko unerik onena?

Zalantzarik gabe. Binaka lortutako txapela mugarria izan da nire ibilbidean. Txapelak nire buruarekiko konfiantza irabazteko balio izan zidan; izan ere, ordura arte ez nuen ikusten erremontean ezer handia lortzeko gai izango nintzenik. Nire moduko pilotari baten ezaugarriak ez dira buruz burukorako, eta horregatik, binakako txapela irabaztea da nire helburua. Behin lortu nuen, eta ea egunen batean bigarrena lortzeko gai naizen.