Hitz bitan

Lourdes Elortza: "Ia 40 urte irakaskuntzan aritzeko, garrantzitsua da bokazioa izatea"

Mireia Olariaga 2022ko urt. 25a, 10:36
Lourdes Elortza. (Mireia Olariaga)

Lourdes Elortzak Txanpañak (Azkoitia, 1958) gaztetatik izan du irakasle izateko grina, eta helburua bete du. Ikasketak amaitutakoan Juaristi enpresan hasi zen lanean, baina salestarrak Floreagara joan zirenean, dudarik ez zuen izan, eta irakasle sartu zen 1982. urtean. Orain, ia 40 urte beranduago, agur esan dio hain maitea duen lanbideari.

Gaztetatik izan duzu irakasle izateko grina. Noiz piztu zitzaizun horretarako nahia?

Betidanik jakin izan dut ikasketak nondik bideratuko nituen, umeak asko gustatzen zaizkidalako. Garai hartako COU bukatu nuenean, Floreaga Ikastetxean Mertzenarioak zeuden, eta ez nuen aukera izan han lanean hasteko. Hori horrela izanda, bitartean, Juaristi enpresan hasi nintzen lanean, bizimodua aurrera atera beharra zegoelako. Hori bai, Floreagan lanean hasteko zerrenda moduko bat zabaldu zuten, eta orduan eman nuen izena; salestarrek eman zidaten irakasle lanetan hasteko aukera. 1982. urtean sartu ziren salestarrak Floreagan, eta ni ere orduan hasi nintzen han lanean.

Nola gogoratzen duzu lehenengo egun hura?

Urduritasuna zen nagusi. Gelak oso zaharrak ziren. Lehenengo begiratuan "non sartu naiz?", galdetu nion nire buruari, baina guztiok egoera berean geundela ikusita, aurrera jarraitzea besterik ez zegoen. Gogoratzen dut hango jostailuak eta mahaiak oso egoera kaskarrean zeudela, eta hobe teknologiaz hitz egiten ez badugu.

Beti izaten da ondo gordeta geratzen den egunen bat.

Egun asko ditut buruan. Oso gogoko ditut inauteriak eta Euskararen Eguna. Egun horietan barruan zerbait mugitzen zait, eta emozioak, askotan, gain hartzen dit. Egun horiez gain, gurasoek eskerrak eman izan dizkidaten momentuak ere aipagarriak dira. Beren seme- alabei laguntzea izan da nire helburua, eta modu batean edo bestean lagundu izanak gauzak ongi egin ditudan sentsazioa ematen dit.

Zailtasunak izaten dira nonahi. Zerk bultzatu zaitu urteetan jarraitzera?

Gakoa umeen naturaltasunean dagoela esango nuke. Askok ez zaituzte irakasle moduan ikusten, eta zentzu horretan, mugak markatzea garrantzitsua da. Umezalea izatea ez da derrigorra, baina barruan izan behar duzu uneoro zerbait, lanbidea maitatzera bultzatzen zaituena.

Tutorea izan zara urteetan. Ikasle ohien maitasuna antzematen al duzu?

Despistatu samarra naiz, eta orain asko ez ditut ezagutzen. Esaterako, aurreko batean mutil batek kasu egin zidan: hark zer moduz nengoen galdetu zidan, eta nik betidanik ezagutuko banu bezala erantzun nion. Aurpegia ezaguna egiten zitzaidan, baina ez nekien oso ongi zein zen. Handik gutxira jakin nuen norekin hitz egin nuen.

Ia 40 urteren ondoren, agur esan diozu irakasle lanari. Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?

Errelebo kontratua egiteko aukera nuen, eta hortik hasi zen erretirorako bidea. Azken urtea nahiko eskasa izan zen COVID-19a medio, eta zera pentsatu nuen orduan: "Orain edo inoiz ez". COVID-19aren izurriari, gainera, jaiotze tasa baxua gehitzen badiozu, erantzuna garbia da.

Ikastetxean lan egin zenuen azken eguna irailean izan zen, ezta?

Bai. Oso hunkigarria izan zen. 5 urteko umeekin nengoen, eta bat-batean nire izena entzun nuen. Gelatik irten nintzenean, han zeuden nire azken taldeko umeak lore sorta eskuetan zutela. Begiak busti zitzaizkidan. Jendea agurtu nuen, baina ez nintzen oso kontziente egoeraz. Egun batzuk pasatu zirenean itzuli egin nintzen eskolara, eta orduan guztiekin lasaiago egoteko aukera izan nuen. Oso pertsona berezia sentitu nintzen. Gustura nago han eman dudanarekin.

Eta orain, zer?

Planik ez zait falta. Frantsesa ikasten hasi naiz, euskal dantzetara joaten naiz, erlaxatzeko pasiera ugari egiten ditut eta ahal dudanean mendira ere joaten naiz. Niretzako denbora dudala esan dezaket orain.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide