Garaipenik ez Anaitasunaren bi talde nagusientzat

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 9a, 13:21
Anaitasunaren eta Portugaleteren arteko neurketako irudia.

Euskal Ligako taldeak 0 eta 0 berdindu du Erandioko Betiko Neskak taldearen aurkako partida. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, 2 eta 1 galdu du Portugaleteren aurka.

Anaitasuna futbol klubaren bi talde nagusiek ligako neurketak jokatu dituzte asteburuan. Emakumeen Euskal Ligako taldeak atzo jokatu zuen partida, Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka, Txerloian. Aukera gutxi izan zituzten bi taldeek lehen zatian, eta bigarrenean, aukera garbienak Anaitasunarentzat izan ziren arren, ezin izan zuten atea zulatu. Beraz, hutsean amaitu zen partida.

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, gaur jokatu du partida, Portugaleteren aurka, La Florida (Portugalete, Bizkaia) futbol zelaian. Ondo hasi du neurketa Azkoitiko taldeak; izan ere, 23. minutuan, Julen Aramendik jaurtiketa egin du area kanpotik, eta Axik sarera bidali du baloia. Lehen zati bikaina eginda iritsi dira atsedenaldira Xabi Artetxeren mutilak; presio lan ona egin eta izan duten aukera bikain aprobetxatu dute.

56. minutuan, baina, berdinketaren gola egin du Portugaletek, eta 89. minutuan sartu dute bigarrena, falta baten ondoren. Horrenbestez, partidaren azken minutuetan ihes egin dio puntu bat eskuratzeko aukerak taldeari. Gaur-gaurkoz, 29 punturekin, sailkapenaren hamargarren postuan dira gizonak.

Emakumeek atzo jokatu zuten Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide