Baratze ekologikoak erabiltzeko izen-ematea zabalduko dute hilaren 13an

Ane Olaizola 2022ko urt. 7a, 09:30

Udalak zozketa bidez emango die herritarrei Altamiran dauden baratze ekologikoak urtebetez erabiltzeko lizentzia. Ondoren, lau urtera arte luzatu ahal izango dute baimena erabiltzaileek. Hilaren 30ean amaituko da izen-ematea, eta deialdiaren xehetasunak argitaratu ditu udalak.

Altamiran dauden baratze ekologikoak erabiltzeko deialdia zabaldu du Azkoitiko Udalak, eta interesa duten herritarrek izena eman dezakete urtarrilaren 13tik 30era bitartean. Udalak zozketa bidez ematen die herritarrei baratzeak kudeatzeko eta lursailak aprobetxatzeko lizentzia. Onuradunek, berriz, urtebeteko epea izango dute horretarako, eta gehienez, lau urtera arte luzatu ahal izango dute. 40 metro koadroko 69 baratze daude Altamiran, eta horietatik bi ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzat dira.

Baratzeak erabili ahal izateko, beharrezkoa izango da Azkoitian erroldatuta egotea, esleipenaren deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik gutxienez. Horrez gain, zerga betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte, eta ezin izango dute nekazaritza jarduetarako diren beste lan eremu baten jabe edo erabiltzaile izan. Era berean, familia unitate bereko beste kide batek ezin izango du baratze ekologiko baten erabiltzaile izan.

Baratzearen erabiltzaile bakoitzak 50 euroko fidantza ordaindu beharko du, eta hura kudeatzeko epea amaitzen zaionean jasoko du kopuru hori. Horrez gain, urteko tasa bat ordaindu beharko du onuradunak, eta udalak azaldu duenez, indarrean dagoen Ordenantza Fiskalean arabera honako zenbateko hau ordaindu beharko du: 62,28 euro.

Eskaera orriak telematikoki zein Azkoitiko Udaleko Herritarren Arreta Bulegoan (Herriko plaza z/g) aurkez daitezke, hilaren 30era arte, 07:30etik 15:30era bitartean. Eskaera orriarekin batera, NANaren fotokopia, zinpeko aitorpena eta hala badagokio elbarritasuna egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide