Betiko kabalkadarik egin ez arren, betiko ilusioz hartu dituzte Errege Magoak Azkoitian

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 5a, 21:03

Zailtasunak zailtasun, aurten ere Azkoitira iritsi dira Errege Magoak, eta herriko haurrek urduritasunez eta ilusioz itxaron diete. Dena den, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ezin izan dute ohiko kabalkada egin, eta pajeek lagunduta, furgoneta batean ibili dira kalerik kale.

Hain zuzen, Azkoitiko kale eta auzo ia guztiak zeharkatu dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Errepide bazterrean zain izan dituzten neska-mutilen gutunak jasotzeaz gain, guztiak agurtzeko tartea hartu dute hirurek. Zenbait gaztetxo lasterka ere aritu dira Errege Magoen atzetik. Eta, noski, aurten ere ez dira falta izan "Ekarriko, ekarriko" zioten oihuak.

Azkoitiko hainbat gunetan haur eta guraso ugari elkartu da Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak noiz etorriko, eta denek gogoz agurtu dituzte. Arratsalde partean bi ordu pasatxoko ibilbidea osatu ondoren, gauean etxez etxe ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, magiaz eta ilusioz jantzitako egun honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide