Udalak "gogor" gaitzetsi du parke estaliari egindako erasoa

Anartz Izagirre 2022ko urt. 2a, 13:44
Bozeramaileen Batzordeko irudia. (Azkoitiko Udala)

Udaleko Bozeramaileen Batzordea gaur eguerdian bildu da gertatutakoaren balorazioa egiteko. "Tristura, amorrua eta inpotentzia" sentitzen dituztela nabarmendu dute ordezkari politikoek.

Gaztaneneako parke estaliari su eman diote bart goizaldean, eta Azkoitiko Udalak "bandalismo ekintzaren gaitzespen irmoa" egin du; gaur eguerdian bildu da Bozeramaileen Batzordea gertaeraren inguruko balorazioa egiteko. "Ez dago hitzik. Nora iritsi behar dugu? Zein burutan sartzen da horrelako basakeria? Benetan penagarria da bart gertaturikoa", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak. Era berean, "tristura, amorrua eta inpotentzia" sentitzen dituztela nabarmendu dute ordezkari politikoek.

Bestalde, adierazi dute kalteak nabarmenak izan direla parkean: "Eraikitzea hainbeste kostatu zen parke estalia kiskalita geratu da. Baliteke egituraren zati bat mantendu ahal izatea, baina lurzorua erabat hondatuta dago, baita jolas gehienak ere. Beste behin, batere errurik ez dutenei egin zaie min, haurrei".

Erakundeak zehaztu duenez, Udaltzaingoak zehazki 02:47ak zirenean jaso zuen gertaeraren berri emateko herritar baten deia, eta "minutu gutxi barru" bertaratu ziren Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak. Sutea probokatua izan dela ere adierazi dute, eta "sua hedatzeko substantziak" erabili direla. Une honetan, Ertzaintza ezbeharra ikertzen ari da, egilea edo egileak identifikatu ahal izateko. Bestalde, udaleko teknikariak kalteak eta galerak baloratzen ari dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide