Errege Magoek ibilgailu batean zeharkatuko dituzte berriro herriko kaleak

Anartz Izagirre 2021ko abe. 30a, 10:13
Errege Magoen iazko bisitako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Urtarrilaren 5ean, asteazkena, 15:30ean abiatuta egingo dute ibilbidea Errege Magoek, eta pare bat orduz ibiliko dira kaleetan zehar. Horrez gain, gutunak jasotzeko guneak jarri dituzte dagoeneko herriko hiru txokotan.

Iaz bezala, aurten ere ez da Errege Magoen ohiko kabalkadarik egingo herriko kaleetan zehar, baina Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Azkoitiko haurrak bisitatzen arituko dira urtarrilaren 5ean, Errege egunaren bezperan. Azkoitiko Udalak adierazi duenez, 15:30etik aurrera ibiliko dira Errege Magoak kaleetatik, pare bat orduz; osasun egoera dela eta, ibilgailu batean egingo dute ibilbidea, jende pilaketak saihesteko asmoz. Parrokiak antolatu ohi du kabalkada Azkoitiko Udalaren laguntzarekin.

Bestalde, Azkoitiko haurren eta gaztetxoen gutunak jasotzeko zakuak ere prest daude gaur goizetik herriko hainbat txokotan. Hain zuzen ere, Elkargunean, Udaltzaingoaren bulegoaren aurrean eta Parrokiaren aurrean jarri dituzte zaku horiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide