Izarraitzeko ikasleek bildutako mugikorrak iritsi dira Irunera

Julene Frantzesena 2021ko abe. 23a, 13:38

Harrera Sareko eta Izarraitz Lanbide Heziketako kideak gaur Irunen. (Alaine Aranburu)

Orotara, 30 eskuko telefono eta hainbat kargadore eman dizkiote Irungo Harrera Sareari, ikastetxean sortutako kanpaina bat tarteko. Mugikor bilketa migratzaileen komunikazio beharrak asetzeko xedez egin dute.

Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko ikasleek sakeleko telefonoak biltzeko kanpaina bat egin zuten duela aste batzuk, eta bildutako materiala gaur eraman dute Irunera. Izan ere, hango Harrera Sareari (IHS) eman dizkiote gailu elektronikoak, haiek migratzaileen eskura jar ditzaten horiek. Orotara, 30 eskuko telefono eta hainbat kargadore eman dizkiote IHSri.  

Izarraitzeko Maitane Franco irakasleak Oarsoko Hitzari azaldu dionez, bilketa kasu praktiko baten ondorioa izan da. Irungo Harrera Sareko kideak bizi duten egoeraren berrie ematera ikastetxera joan zirela esan du, eta handik atera zela telefonoak biltzeko ideia. Ikasleek bilketari "gogotsu" ekin ziotela azaldu du. Alex Margüello ikaslearen arabera, espero baino gailu gehiago bildu dituztela azaldu du.

Harrera Sareko Jon Arangurenek "eskerrak" eman dizkie Izarraitzeko kideei, halako egitasmo bat martxan jartzeagatik. Hark esan duenez, zaila egiten zaie sakelekoak eskuratzea: "Migratzaileentzat garrantzitsua da mugikorra, komunikatzeko duten bide bakarrenetakoa delako askorentzat. Baina garrantzitsuena da horrelako ekintzen bidez prozesu migratzaile bat dagoela ikusarazten jarraitzea da".