Maxixatzenen zozketak

Zozkatu ditu Maxixatzenek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'KuiKui' ikuskizunerako sarrerak

Maxixatzen.eus 2021ko abe. 23a, 12:02

Astelehenean, bi emanaldi eskainiko dituzte pailazoek Baztartxon, eta udalak emandako lau sarrera bikoitz zozkatu ditu Maxixatzenek bere bazkideen artean.

Astelehenean, abenduak 27, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek KuiKui ikuskizuna aurkeztuko dute, Baztartxo antzokian. Bi emanaldi eskainiko dituzte hiru pailazoek Azkoitian: 16:00etan eta 18:30ean. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako lau sarrera bikoitz zozkatu ditu zozketan parte hartu duten bazkideen artean.

Asko izan dira zozketan parte hartu duten herritarrak, eta horien guztien artean zozketa egin ondoren, Alazne Lazkanok, Iraitz Kortak, Joana Sanchezek eta Eneko Juaristik irabazi dituzte bina sarrera. Alazne Lazkanok eta Iraitz Kortak 16:00etako ikuskizunerako sarrerak lortu dituzte, eta Joana Sanchezek eta Eneko Juaristik 18:30erako ikuskizunerako. Irabazleek Baztartxo antzokiko leihatilan jaso beharko dituzte sarrerak ikuskizuna hasi aurretik.

Ikuskizunari buruz

Aurten, euskararen gaiari eutsi nahi izan diote pailazoek, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak topatze aldera. Pailazoek txoriak zirela amestu zuten, eta munduari Kuikui esan zieten. Batzuk kuku, besteek piui, kerrek eta beleak kra! Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, ordea, kuikui esango dute. Pirritxi eta Porrotxi amalurra txoriek bezala ikusten eta begiratzen lagunduko die Marimototsek. Plastikoz betetako itsasoak ikusiko dituzte, Txo Mikmak txikiaren, balearen eta urpean hegan dabilen pinguinoaren begietatik.

Tider migrantea ere ezagutuko dute. Afrikatik Baionara iritsi nahiko du hark, baina Txilipitok debekatu egingo dio. Gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburuan saiatuko da Tider. Ilargi baserritarra eta Margarita Oiloa ere ikusiko dute hegan saltoka. Oiloak koloretako arrautza berezia errungo du, eta Kuikui txitokolorea jaioko da, munduari kolorea eta adorea emango diona. Pailazoek ere Kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz, munduko txorrotxioen sinfonian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide