Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusiek galdu egin dute

Andoni Elduaien 2021ko abe. 22a, 08:45
ISBk jokalaria, saskiratzea lortzear. (Mikel 'Otola')

LF Challenge ligako neskak Azpeitiko kiroldegian aritu ziren atzo, eta Urrezko LEB ligako mutilak Granadan (Andaluzia). Andoni Lazkanoren neskei lehen bi laurdenetan egin zien ihes Manuela Fundacion Racaren aurkako partidak. Iñaki Jimenezen mutilek, berriz, ondo eutsi zioten Coviran Granadari lehen hiru laurdenetan, baina azken laurdenean nagusi izan zen etxeko taldea.

ISBren lehen bi taldeek porrota jaso zuten atzo, asteartea. Andoni Lazkanok zuzentzen duen Azkoitia-Azpeitia ISB nesken taldeak Manuela Fundacion Raca taldea izan zuen arerio Azpeitiko kiroldegian, eta 56 eta 75 erori ziren neskak. Iñaki Jimenezek zuzentzen duen Juaristi ISB mutilen taldeak, aldiz, Coviran Granada taldea izan zuen aurkari, eta 84 eta 68 galdu zuten.

Azkoitia-Azpeitia ISBk ezin izan zuen nahi bezala agurtu 2021. urtea. Urteko azken partida jokatu zuen Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak atzo, baina sailkapenaren goiko aldean dagoen aurkari gogor batekin egin zuen topo. Manuela Fundacion Raca taldea gehiago izan zen Azpeitiko kiroldegian. Izan ere, atsedenaldia iristerako 31 puntuko abantaila lortu zuten bisitariek; 18 eta 49 ziren atzetik Andoni Lazkanoren neskak lehen bi laurdenen ondoren –10-26 eta 8-23, hurrenez hurren–.

Aldageletatik bueltan, bestelako aurpegia erakutsi zuten neskek, eta azken bi laurdenetan menderatu egin zuten aurkaria –19-15 eta 19-11, hurrenez hurren–. Marguerite Effa nabarmendu zen Azkoitia-Azpeitia ISBn; 17 puntu saskiratuta, 25 puntuko balorazioa eskuratu zuen.

Mutilak, berriz, Granadan (Andaluzia) aritu ziren atzo Coviran Granada taldearen aurka. Ondo sartu zen taldea neurketara, eta lehen laurdena aurretik amaitu zuen. Bigarren laurdena, baina, lehorra izan zen puntuei dagokionez, eta etxeko taldeak markagailua iraultzea lortu zuen. Hirugarren laurdenera arte eutsi ahal zion Juaristi ISBk etxeko taldeari; izan ere, azken laurdenaren hasi aurretik sei puntura zuen Coviran Granada.

Azken laurdenean, etxeko taldeak ISBren puntu iturria ixtea lortu zuen, eta ondorioz, garaipena etxean gelditu zen. Rodrigo Seoane eta Sidy Cissoko nabarmendu ziren ISBn, 20 eta 18 puntuko balorazioak erdietsita, hurrenez hurren. Juaristi ISBk Leyma Coruña taldearen aurka itxiko du urtea abenduaren 28, 20:30ean, Azpeitiko kiroldegian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide