Oihenart Aforismoen X. Lehiaketa irabazi du Juan Ramon Alberdik

Andoni Elduaien 2021ko abe. 20a, 12:40

Juan Ramon Alberdi.

Joan den ostiralean jaso zuen saria idazle azkoitiarrak, Donostian. Hirugarren aldiz irabazi du aforismo lehiaketa Alberdik.

Oihenart Aforismoen X. Lehiaketan lehen saria jaso du Juan Ramon Alberdik. Joan den ostiralean, abenduak 17, egin zuten sari banaketa ekitaldia Donostiako HEFA fakultatean, eta han jaso zuen azkoitiarrak 500 euroko saria. Azkoitiarrak hirugarren aldiz irabazi du lehiaketa. Hain zuzen ere, 2017an eta 2018an ere lehen saria lortu zuen Alberdik.

Aforismoak modu laburrez azaldutako pentsaerak dira: paragrafo bat edo esaera bat edo hitz bat. Ideiak agertarazteko nahikoa den testu osoa da aforismoa, baina motza. Literatura lan motzean ahozko nahiz idatzizko adibide ezberdinak izan dira historian zehar: kontakizun laburrak, herri-ipuin motzak, pasadizoak, errefrauak, esaera zaharrak edo pentsamendu gogoetatsu labur-laburrak.

Euskarazko pentsamendua bultzatzeko, idazteko ohitura sustatzeko eta saiogileak sortzeko helburuarekin antolatzen dute lehiaketa EHUren Gipuzkoako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Aurten, zenbait aldaketa egin dituzte antolatzaileek. Esaterako, bi kategoriatan banatu dute lehiaketa. Batetik, 25 urte artekoen mailako sariak banatu dituzte, eta bestetik, 26 urtetik gorakoenak. Iñigo Legorburu izan da bigarren sailkatua 26 urtetik gorakoen mailan.

Alberdi, ezkerrean. (Argazkia: utzitakoa)