Mirentxu Larrañaga: "Itzulpen denak dira xeheki egin beharrekoak"

Nerea Uranga 2022ko urt. 8a, 10:00
Mirentxu Larrañaga.

Ikasketak bukatuta, etxean bere kasa hasi zen itzultzaile lanean Mirentxu Larrañaga Sueskun (Azkoitia, 1966). Itzultzaile aritzeak berarekin dakar zuzentzaile lana, haren hitzetan, "itzultzaileak bere burua etengabe zuzendu eta orraztu behar duelako". Egun, Berria egunkariaren Euskara taldeko itzultzaile eta zuzentzaileetako bat da.

Azaroaren erdialdean aurkeztuzuten Nancy Fraser pentsalari feminista estatubatuarraren artikuluak biltzen dituen Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat saiakera liburua euskarara ekarrita. Maialen Berasategi Catalanek, Danele Sarriugarte Mochalesek, Irene Arrarats Lizeagak eta Mirentxu Larrañaga Sueskunek egin dute Susa argitaletxearen Lisipe bildumako lan berria; azkoitiarrak bildumako bi artikulu itzuli ditu, biak zaintza krisiarekin lotutakoak.

Askotariko testuak dauzka itzulita eta argitaratuta, eta, egun, Berria-ren Euskara taldean ari da lanean itzultzaile eta zuzentzaile. Urte asko dira Azkoititik kanpo bizi dela, baina herriarekiko kate hori ez du inoiz eten. "Nahiz eta herritik kanpo bizi, aurrena Etxe Beltzen eta gero Torre Zurin erakusketa zaintzaile egin nuen lan urte askoan. Asteburuetako lana zen hori, eta nire itzultzaile lanarekin bateragarria". Horrez gain, gurasoak Azkoitian izanda, sarri etortzen da herrira. "Orain ama falta zaigu, baina inoiz ez dut eten herriarekiko lotura".

Euskal Filologia eta Itzulpengitzako Masterra ikasi zenituen. Zergatik ikasketa horiek?

Karrera bat aukeratu behar genuen garaira iritsi ginenean, nik zalantza asko izan nituen. Berez, Ingeles Filologia egingo nukeen gustura, baina ikasketa horien fakultatea Gasteizen zegoen, eta urruti zegoela iruditzen zitzaidan orduan. Eskurago nuen Donostiara joatea, eta Euskal Filologia aukeratu nuen. Nolabait, baina, hizkuntzaren batekin lotura zeukan zerbait ikasi nahi nuen. Orain pentsatzen jarrita, orduan ez nuen hain kontzienteki aukeratu. Ondoren, Itzulpengintzako Masterra egin nuen, eta hori bai izan zela beren-beregi aukeratutakoa.

Euskal Filologia bukatu orduko, Loiolako Ikastolan –nik ikasi nuen ikastetxean bertan–, irakasle izateko lanpostu bat sortu zen, eta hura eskaini zidaten. Baina gurasoei disgustu ederra eman, eta uko egin nion. Justu garai hartan atera zen Itzulpengintzako Masterreko aukera, eta ezkutuan izena eman, azterketa egin, onartua izan eta hura ikastera joan nintzen. Anaiak ere lagundu zidan etxean giroa pixka bat lasaitzen; izan ere, ikasketak bukatu eta lanpostu bati uko egin eta ikastera joatea... Baina ez nuen neure burua irakasle ikusten, eskolak banaka- eta eman izan ditut, baina niretzat erronka handia da egunero ikasle talde baten aurrean jartzea.

Askotariko testuak itzuli dituzu: ikus-entzunezkoetarako gidoiak, testu administratiboak, literarioak... Zer alde dago lan batetik bestera?

Ikus-entzunezkoak, hitzak esaten duen moduan, ikusi eta entzun egin behar dira. Guk zorte handia izan genuen, horretan jardun genuen garaian, gidoiak bideoekin batera ematen zizkiguten. Bestela, gidoirik ez badaukazu, ikusi eta entzuten duzun hori transkribatu egin behar da lehenengo, eta, gero, bikoizleak esateko moduan itzuli eta egokitu beharra dago. Administrazio testuak ere itzuli izan ditut, baina horiek egitura jakin batzuk dauzkate, eta oso estua da. Berez, itzulpen guztiak dira xeheki egin beharrekoak, testuak esaten duen hori esan behar baita, eta ez besterik; ahal den hurbilen baina behar bezain urrunen ibili behar da, beti oreka bat lortzeko.

"Esan nahi izan den hori esanarazten saiatu behar duzu itzulitako horretan ere"

Itzulpen on bat egiteko zer behar da?

Bi hizkuntzak ondo menperatzea, jatorrizko testuaren nolakotasunak zeresana dauka... Lehenengo eta behin, itzulpen on bat egiteko, baldintza duinak eta arrazoizko epeak eduki behar dira; eta horiek ez dira askotan betetzen. Ondorioz, ahal den moduan eta ahalik eta ondoena egiten saiatzen gara. Dena den, egia da baduela zerikusia jatorrizko testua nola datorren; oinarria ona baldin bada, askoz errazagoa da handik ateratzen den testu itzulia ere on samarra izatekoa. Xede hizkuntza eta sorburu hizkuntza ondo menderatzeak ez du zertan esan nahi itzulpena ona izango denik, eta alderantziz, biak ez menderatuta ere, ezin liteke esan itzulitako testua ona izan ez litekeenik. Itzulpen ona pixka bat testuinguruaren araberakoa da, testua nolakoa den, zenbateraino jaso duzun mezua, zure hizkuntza gaitasuna nolakoa den eta zenbaterainoko baliabideak dituzun landuak.

Zuengandik ere zerbait jarriko duzue itzulpenetan, ezta?

Bueno, esaten da testua ez dela zurea, idatzi duenarena dela. Baina, bueno, uste dut beti itzurtzen edo isurtzen dela zerbait zeuretik ere. Ez da, berez, jatorrizkoa zertan hobetu; esan nahi izan den hori esanarazten saiatu behar duzu itzulitako horretan ere.

Era askotako liburuak itzuli izan dituzu. Idazlea bera ezagutzeak edo haren beste lan batzuk ezagutzeak ba al dauka garrantzirik?

Niri iruditzen zait horrek baduela bere garrantzia, baina ez da obsesionatu behar. Behin autore bat gustatu izanez gero, batzuek badaukagu horrelako joera bat haren inguruabarrak jakiteko, zer beste lan egin dituen... Niri neuri aberasgarria zait horren guztiaren berri izatea eta egile beraren beste lan batzuk irakurtzea. Kasu batzuetan, baina, ezinezkoa da; idazle batzuk oso oparoak dira, eta, nahita ere, ez daukazu haiek idatzitako dena irakurtzeko astirik. Egile horrek berak lan asko idatzi baditu, estilo desberdinak lantzen ditu, eta, itzulitako testu horretan, inportantea da idazle horren ahotsa-edo ez aldatzea, betiere saiatuz estiloa, edukia, mamia eta ahal den dena euskarara ekartzen.

Obsesio hori zein idazlerekin daukazu zuk?

Neuk bakarka itzulitako eta argitaratutako lehen liburu literarioa Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok [2005] izan zen. Neuk aukeratutakoa izan zen, eta kuttuna dut. Hala ere, kuttunekin ere ez da obsesionatu behar. Egilea non ibilia den jakiteko gogoa ere izaten da; uste dut hori itzultzaile guztion ajea dela. Aitortu behar dut ni joan nintzela Parker ibili zen tokietara, eta egin nuen horrelako barrabaskeria txiki bat ere: nik itzulitakoaren pare bat ale hartu, eta New Yorkeko Udal Liburutegian sartzea eta jatorrizkoaren ondoan jartzea lortu nuen. Niretzat, ondoan jartzekoa zen.

Adibidez, liburu dendetan zergatik ez dira jatorrizko lanak eta itzulitakoak elkarren ondoan jartzen? Hizkuntza batera eta bestera itzulitakoak elkarren ondoan jarrita, aukera ematen zaio irakurleari nahi duena aukeratzeko, eta ikusgarritasun handiagoa ematen zaie euskarazko lanei.

Parkerri lotuta, haren poesia batzuk itzultzeko proposamena ere jasoa dut, eta, igual, horretan ere saiatuko naiz; lan zaila iruditzen zait, baina.

"Egilea non ibilia den jakiteko gogoa ere izaten da; uste dut hori itzultzaileon ajea dela"

Gaur egun Berria-ko zuzentzaile eta itzultzaileetako bat zara. Nolatan hasi zinen Berria-n?

Itzulpengintzako Masterra bukatutakoan, praktikak Gipuzkoako Foru Aldundian egin nituen, eta han hartu genion tamaina administrazio testuak itzultzeari. Gero, Bergarako Udalak arau subsidiarioak itzultzeko lehiaketa atera zuen, eta hara aurkeztu, eta lan hura lortu nuen; etxetik egiteko moduko lana zen, gainera. Gero, aukera bat sortu zitzaidan ikus-entzunezkoen itzulpenen inguruko ikastaro bat egiteko, eta K2000 enpresarentzako marrazki bizidunak, dokumentalak, pelikulak... itzultzen hasi nintzen, eta gustura bizi nintzen. Baina urte batzuk pasatu ziren, eta lana gutxitzen hasi zen. Orduan, egunkarian itzultzaile bat behar zutela zioen iragarkia ikusi nuen, eta 2007. urtetik ari naiz Euskara taldeko itzultzaile eta zuzentzaile. Oraintxe bertan, bederatzi lagun gaude taldean; ematen du asko dela, baina gaur egungo aurrerapenekin eta guztiekin ere ez digu denerako ematen: egunkaria, webgunea, bideoetako azpidatziak, marketinekoen idatziak, lanak, zenbait kolaboratzaileren lanen itzulpenak, aholkularitza lana, kontsultak erantzun, kanporako nahiz barrurako ikastaroak...

Zuzentzaile gisa, akuilua askotan atera behar izaten al duzue?

Jendeak ez dakit zer irudi daukan zuzentzaileez; berez, zuzentzaile hitzak badauka pixka bat konnotazio txarra edo. Guk beti diogu ez garela aritzen haginlariak bagina bezala momentu oro gauza ustelak ateratzen, gure asmoa dela testuaren alde jardutea; ahal bada, hobetzea, orraztea... Guk beti hobe beharrez jarduten dugu, informazioa ahalik eta txukunena azaltzeko eta irakurleei erakargarri egiteko; eta beste hainbeste testuak itzultzen ere.

Berrikuntzak eta garapen teknologikoak zuen lanean ere eragingo zuen onerako eta txarrerako, ezta?

Aurrerabideak izan dira, noski. Esaterako, hizkuntza baliabide guztiak sarean eta eskura edukitzea ezin da inola ere ordaindu. Beste kontu batzuetan, baina, aurreratu beharraren aurreratu beharraz, atzera egiten da; ez dakit zer erantsi diotela aplikazioren bati, eta gure lanerako ez dator ondo, ez digulako uzten koma bat nahi dugun eran jartzen. Beraz, batzuetan, lehengo bertsioarekin-eta gelditu behar izaten dugu. Hala ere, normalean, berrikuntzak ongi datoz.

"Eizie elkartea sekulako abaroa da itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteentzat"

Lanerako erreminta garrantzitsu bat Berria-ren Estilo Liburua da.

Sekulako altxorra da hori. Hizkuntza aldetik, direnak eta ez direnak daude Estilo Liburuan; estiloari berari dagozkion aholkuak ematen dira, baita kanpoko galderak erantzuten ere. Egunero elikatzen dugun lanabes ezinbestekoa da Estilo Liburua.

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) kide zara. Zein da elkarte horren egitekoa?

Elkarte hori sekulako abaroa da itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteentzat; nik ez daukat hori azaltzeko bestelako hitzik. Horrek dauzka itzultzaileontzako, zuzentzaileontzako eta interpreteentzako hizkuntza baliabide guztiak, jardunerako gidalerroak, ikastaroak, aholkularitza... Sekulako lana egiten dute, eta beren webgunean sartu eta ikusi besterik ez dago. Elkarte horren zeregina oso funtsezkoa da, eta gero eta hobeto ari dira.

Zer da zuretzat euskara?

Euskara dut bularretik edoskitako mintzoa, ama hizkuntza, edo ama-aiten hizkuntza. Gure etxean euskarari garrantzi handia eman izan zaio. Gurean aita beti izan da gehiago ikasi duena; gaztelaniaz ikasi zuen berak, eta amak baino aukera handiagoa izan zuen ikasteko. Elkar ezagutu zutenean, baina, elkarren arteko harremanak-eta gutun bidez egin zituzten, amak aitari euskaraz idazten zion, eta aitak amari, gaztelaniaz. Uste dut hala izango zela igual aitak bere burua jasoago ikusten zuelako gaztelaniaz eginda, edota ohituta zegoelako dena gaztelaniaz ikasten. Handik urte batzuetara, gure aita Azkoitiko Udalean zinegotzi ibili zenean, bera izan zen aurrenetakoa aktak euskaraz jasoarazten zituena, eta Ikastolaren mugimenduan ere asko sartuta ibili zen. Niretzat, berriz, gaur egun, euskara da bizibidea, bizimoldea, bizilaguna, bizigarria, bizipoza, eta mundua ikusteko eta munduan egoteko modu bat. Alde horretatik, zorte handia izan dudala sentitzen dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide