Kattu oroitu dute hainbat herritarrek, haren hilketaren 38. urteurrenean

Ane Olaizola 2021ko abe. 19a, 13:59

Gaur 38 urte bete dira GALek errefuxiatu azkoitiarra tiroz hil zuenetik Baionan, eta ohi bezala, lore sorta jaso dute Kattu zenaren senideek, parrokiaren atariko oroigarrian. Esker hitzak izan ditu hark, herritarrak beste urte batez Kattuz gogoratu direlako. Datorren astean Kattu Xake Memoriala egingo dute.

38 urte bete dira gaur, igandea, GALen mertzenarioek Ramon Oñederra Kattu errefuxiatua Baionako Kaietenea tabernan tiroz hil zutenetik, eta urteurrenaren egunean, aurteko moduan lore eskaintza egin diote azkoitiarrari. 12:00ak jotzearekin batera, parrokiaren atariko oroigarrian elkartu dira hainbat herritar, eta Kattu zenaren arrebari lore sorta eman diote. Esker hitzak izan ditu hark, beste urte batez Kattu oroitzeagatik.

Antolatzaileek, bestalde, salatu dute Espainiako estatuak ez dituela "biktima guztiak modu berean" aitortzen. Era berean, gogoratu dute hurrengo igandean, abenduaren 26an, berriz, Kattu Xake Memoriala egingo dute, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta. 16:00etan hasiko da txapelketa, Kultur Etxean, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten presentziala izango da lehia –iaz online egin zuten–.  Dena den, aurreratu dute 10-12 lagunek parte hartu ahal izango dute txapelketan, eta norgehiagokak zuzenean jarraitu ahal izango dira, taldearen webgunean (anaitasuna-kakute.wixsite.com).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide