Katturen oroimenezko ekitaldiak hasiko dira bihar

Ane Olaizola 2021ko abe. 18a, 12:00

Lore eskaintza egingo dute bihar eguerdian, GALek azkoitiarra hil zuen 38. urteurrenean. Hurrengo igandean, berriz, Kattu Xake Memoriala egingo dute, Kultur Etxean.

Bihar, abenduak 19, 38 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra hil zuenetik, eta ohi bezala, haren oroimenezko ekintzak egingo dituzte urteurrenaren bueltan. Bihar bertan lore eskaintza egingo dute parrokiaren atariko oroigarrian, 12:00etan.

Hurrengo igandean, abenduaren 26an, berriz, Kattu Xake Memoriala egingo dute, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta. 16:00etan hasiko da txapelketa, Kultur Etxean, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten presentziala izango da lehia –iaz online egin zuten–.  Dena den, aurreratu dute 10-12 lagunek parte hartu ahal izango dute txapelketan, eta norgehiagokak zuzenean jarraitu ahal izango dira, taldearen webgunean (anaitasuna-kakute.wixsite.com).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide