Hitz bitan

Mikel Larrañaga: "Duela 32 urte erori bazen ere, harresiak hor jarraitzen du"

Ane Olaizola 2021ko abe. 19a, 09:00
Mikel Larrañaga.

Alemanian bizi da Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1991) duela sei urtetik. Berlinen egin zituen aurreneko hilabeteak eta, harrezkero, Leipzig hirian bizi da, herrialdearen ekialdean. Han amaitu zituen Ingenieritza elektriko ikasketak, eta egun, koadro elektrikoak egiten dituen enpresa batean dihardu, proiektuak egiten.

Zer dela-eta joan zinen Alemaniara bizitzera?

Duela zortzi urte inguru, lagunekin oporretara joan nintzen Berlinera, eta han denboraldi bat igarotzeko gogoa piztu zitzaidan. Unibertsitateko ikasketak amaitzen ari nintzela, Erasmus bekarekin horiek atzerrian amaitzeko aukiera sortu zitzaidan. Berlinera joateko aukerarik ez zegoen, baina Leipzig gertu zegoen. Baldintzetako bat, ordea, alemana jakitea zen, eta beraz, lehenengo zortzi hilabete Berlinen igaro nituen horretan. Ikasturteko azken hiruhilekoa egin nuen Leipzigen. Azkenean, hiria gustatu egin zitzaidan, eta hemen geratu nintzen.

Hain zuzen ere, Leipzig Berlinen alternatiba dela diote.

Jendeak dio Leipzig Berlin berria dela, baina Berlin bakarra da. Ezin dira bi hiriak alderatu. Berlin hiri handi bat da, Leipzigen ondoan munstro bat.

Zenbat biztanle ditu hiriak?

Egun, 550.000 biztanle inguru ditu, baina Alemania zatitzen zuen harresia erori arte, milioi bat lagun bizi ziren. Horrela esanda, oso hiri handia dela dirudi, baina oso zabala da, eta auzoka sakabanatuta dago. Beraz, herri kutsua du. Hiriaren hegoaldean dagoen Conebits auzoan bizi naiz, eta ez naiz asko irteten handik. Bizikletaz, hamar minutura lakua eta basoa ditugu, eta beraz, ingurumena gertu dugu.

Harresia aipatu duzu. Ekialdeko Alemanian zegoen Leipzig, komunisten esku. Horren arrastorik antzematen al da oraindik?

Zeharo nabaria da. Duela 32 urte erori bazen ere, harresiak hor jarraitzen du. Jendearengan, kulturan, eta batez ere, ekonomian antzematen da. Mendebaldean soldatak askoz ere handiagoak dira.

Leipzig ezaguna da kulturari eta bereziki musikari lotutako hiria delako. Hala al da?

Bai, oso lotuta dago. Hain zuzen, musika klasikoan ezagunak diren artistekin harreman estua du. Opera ere badu hiriak, baita musika klasikoa egiten duen banda ere. Horrez gain, era askotako musika sortzen da hemen: punka, hardcorea, rocka, technoa, jazza... Mugimendu handia dago, azkenaldian asko apaldu bada ere.

Zer da hortik gehien gustatzen zaizuna?

Lasaitasuna. Beste hiriekin konparatuta, lasaiagoa da, eta aglomerazio gutxiago du. Natura gertu du, eta hiri freskoa da.

Nola hartzen ditu herrialde horrek zu bezalako gazte atzerritarrak?

Askotariko gauzak entzun daitezke horri buruz. Jendeak dio ekialdeko Alemanian nazi asko daudela. Eskuin muturrak boto asko irabazten ditu lurralde honetan [Sajonia]. Hain zuzen, Alemania osoan, eskuin muturrak boto gehien eskuratzen duen eremua da hau. Ordea, Leipzig irla bat da zentzu horretan. Lana, Leipzigetik kanpo egiten dut, eta hura Sajonia bete-betea da. Hala ere, inoiz ez dut arazorik izan. Beharbada, errefuxiatuek edo beste etorkin batzuek oso bestelako bizipenak izango dituzte. Nire lagun taldean badaude Siriako gerratik ihes egin duten errefuxiatuak, eta haiek ere arazorik ez dutela eduki iruditzen zait. Atzerritar asko dago hemen.

Azkoitira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Dagoeneko sei urte daramatzat hemen, eta une hauetan, hau da niretzat etxea. Etxera itzultzeak esanahia galdu du niretzat. Ez dakit zer egingo dudan, baina oraingoz, ez dut aurreikusten Azkoitira bueltatzerik. Urtean bitan saiatzen naiz herrira joaten; udan, hilabete bat igarotzen dut, eta Gabonetan, pare bat aste edo. Bi bisita horiekin asetzen naiz. Asko gustatzen zait udan Euskal Herrira joan eta familiarekin zein lagunekin egotea. Gustuko ditut hango inguruak, baina gustura etortzen naiz handik Leipzigera. Oraingoz, hemen jarraitzeko asmoa dut, baina nork daki gero zer egingo dudan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide