Historiaurreko jardunaldiak antolatu ditu Munibe arkeologia taldeak

Andoni Elduaien 2021ko abe. 12a, 09:10
Kiputz amildegian aurkitutako bisontearen hezurdura. (Munibe)

Asteazkenean, ostegunean eta larunbatean izango dira saioak, eta Praileaitz, Munoaundi eta Kiputz aztarnategiak izango dituzte hizpide. Hitzaldi guztiak Elkarguneko Oteiza aretoan izango dira.

Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak historiaurreko jardunaldiak antolatu ditu datorren asterako. Aranzadi zientzia elkartearekin eta udalarekin elkarlanean, Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoan egingo dituzte hitzaldiak. 

Asteazkenean, abenduak 15, Praileaitzeko indusketak nola joan ziren azalduko dute, eta inguruetako aztarnategien berri ere emango dute. Xabier Peñalver Aranzadi zientzia elkarteko kidea eta Joxean Mugika EHUko Historiaurreko irakaslea arituko dira solasean, 19:00etatik aurrera. 

Ostegunean, abenduak 16, Azkoitia eta Azpeitia artean kokatuta dagoen Munoaundi aztarnategiaren inguruan arituko dira. Indusketa arkeologikoa abiatu zutenetik 15 urte bete dira, eta orain, museolizaziorako lehen urratsak ematen ari dira. 19:00etatik aurrera, Aranzadi zientzia elkarteko Antxoka Martinez eta Sonia San Jose arituko dira solasean.

Larunbatean, abenduak 18, Kiputz: Historiaurreko amildegia hitzaldia eskainiko du Aranzadi zientzia elkarteko Pedro Castañosek. 12:00etan hasiko da saioa Elkargunean, eta Mutrikuko (Gipuzkoa) Kiputz amildegian egin zuten aurkikuntza izango du hizpide Aranzadiko kideak. Miel Sasieta Munibe arkeologia taldeko kidea zenari omenaldia egiteko baliatuko dute saioa; izan ere, Sasieta aztarnategian aritu zen lantaldeko kidea izan zen, eta hark egindako lana funtsezkoa izan zen. 

Kiputz aztarnategian aritu zen lantaldea, 2007an. Ezkerrean, Juan Mari Arruabarrena (Munibe); erdian, goian, Miel Sasieta (Munibe); erdian, behean, Pedro Castaños (Aranzadi); eskuinean, Xabier Murelaga (EHU).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide