Maxixatzenen zozketak

Zozkatu ditu Maxixatzenek 'Bost minutun' antzezlanerako sarrerak

Maxixatzen.eus 2021ko abe. 10a, 13:18

Antzezlanaren irudi bat. (Txalo)

Bihar, larunbata, 19:00etan hasiko da antzezlana Baztartxo antzokian, eta udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu Maxixatzenek bere bazkideen artean.

Bihar, larunbata, Txalo Produkzioak konpainiak Bost minutun antzezlana aurkeztuko du, Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Udalak emandako gonbidapenei esker, Maxixatzenek emanaldia bertatik bertara jarraitzeko bi sarrera bikoitz zozkatu ditu bazkideen artean.

Asko izan dira zozketan parte hartu duten bazkideak, eta guztien artean zozketa egin ondoren, Mari Jose Epeldek eta Migel Mari Garatek irabazi dituzte bina sarrera. Irabazleek Baztartxo antzokiko leihatilan jaso beharko dituzte sarrerak antzezlana hasi aurretik.

Antzerkiari buruz

Nekane (Itziar Urretabizkaia) eta Koldo (Andoni Agirregomezkorta). Haurdunaldi testa. Bost minutu falta zaizkie emaitza jakiteko. Prest ote daude guraso izateko? Guraso izan nahi al dute? Aurrerapauso bat da edo amildegira jauzia? Ezkajintasuna, antsietatea, beldurra, itxaropena. Nekanerentzat, 42 urterekin, azken aukera izan daiteke ama izateko; Koldok, aldiz, urte batzuk gehiago dauzka, eta heldutasuna lortzeko behar duen aitzakia litzateke aitatasuna. Baina, hori al da nahi dutena?

Jaiotze-indizeak sekula baino beherago egin duten garaiotan, guraso izateko erabakia ondo pentsatutakoa eta neurtua izaten da. Zergatik, baina? Berekoikeria ote? Beldurra? Axolagabekeria? Noiz ote da une aproposa? Existitzen al da? Seme-alabarik gabe pozik bizi al daiteke? Egoera onartzeko gai ote gara? Hori guztia hausnartuko dute Agirregomezkortak eta Urretabizkaiak Baztartxon.

 

 

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide