Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea, zabalik

Andoni Elduaien 2021ko abe. 10a, 12:52

Haitz handiak erori dira Igaran indarretxearen pareko zuzengunean.

Gaur ere itxita egon da GI-631 bat errepidea, leherketak zirela medio. Bidea irekita dago berriro. Goizean ere tarte batez itxita egon da errepidea, lur jausi baten ondorioz haitzak erori direlako errepide gainera.

Azkoitia eta Urretxu udalerriak lotzen dituen GI-631 errepideko obrak aurrera doaz, eta gaur, ostirala, itxita egon da errepidea 27. kilometroaren inguruan, hainbat leherketa egin behar baitzituzten. 12:30 inguruan itxi dute errepidea, eta hogei minutu pasatzerako berriz ere ireki dute.

Leherketen eta errepide mozketen inguruko informazioa jasotzeko, 672 69 05 64 Whatsapp telefono zenbakira taldera atxikitzeko mezu bat idatzi behar da. Twitterren ere jakinaraziko dute errepidea noiz itxi eta irekiko duten.

Tentuz gidatzeko gunea

Errepidea goizean itxita egon da, baina ez obrengatik. Izan ere, lur jausi bat tarteko, haitz handiak erori dira Igaran indarretxearen pareko errepide gainera. Ur putzuak ere asko eta nabarmenak dira GI-631 errepidean, eta horregatik, motel eta arreta handiz gidatzeko gomendioa egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide