Etxetik kanpo arrotz dabil Anaitasuna azkenaldian

Andoni Elduaien 2021ko abe. 8a, 20:52

Anaitasunako jokalariak, korner jokaldi batean (Anaitasuna)

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak lau gol jaso ditu gaur arratsaldean Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatz futbol zelaian. Txerloiatik kanpo jokatutako azken hiru neurketetan porrot gogorrak jaso dituzte gorrixek.

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak 4 eta 0 galdu egin du gaur, asteazkena, Beasainen aurka. Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatz futbol zelaian jokatu dute Espainiako Hirugarren Mailako 17. jardunaldiko neurketa, baina etxeko taldea goitik behera nagusitu da berdegunean. Anaitasunak arratsalde iluna izan du gaur.

Norgehiagoka segituan okertu zaio Xabi Artetxek zuzentzen duen taldeari; izan ere, hirugarren minutuan hartu du abantaila Beasainek, area barruan buruz egindako errematea sareetara bidalita. Lehen minutuetan gehiago izan da Beasain, eta Anaitasuna ez da abagunerik egiteko gai izan Beasainen arean.

Atsedenaldian ondoren bestelako aurpegi bat erakusteko asmoarekin zelairatu da Anaitasuna, baina aukera ia guztiak etxeko taldeak egin ditu. 60. minutura iritsi aurretik bi gol aukera izan dituzte beasaindarrek, eta bi abisuren ondoren, ez dute barkatu 63. minutuan. Berriz ere area barruan baloia buruz errematatuta lortu dute etxekoek bigarren gola egitea. 

Beasainek izan du protagonismoa berdegunean, eta 69. minutuan ere abagune ona egin dute hirugarren gola lortzeko. Anaitasunako Remen atezainak ekidin du etxekoena. 74. minutuan, ordea, ez du ezer egiterik eduki eibartarrak; izan ere, kontraerasoan egiten dute etxekoek hirugarrena. Handik bi minutura, 76. minutuan, bakarkako jokaldi batean borobildu dute markagailua beasaindarrek. Anaitasunak bere gol aukera onena 80. minutuan egin du, zelairatu berria zen Letak egindako jaurtiketan. Aurrelariari, ordea, atezainak erantzun ona eman dio.

Aurpegi arrotzarekin dabil azkenaldian Anaitasuna herritik kanpo. Pasaiako (Gipuzkoa) Jesus Mari Zamora zelaian Pasaiaren aurka 0 eta 3 irabazi zuenetik, etxetik kanpoko azken hiru partidetan Anaitasuna ez da gai izan golik egiteko. Vitoriaren aurka 5 eta 0 galdu zuen; 3 eta 0 Deustoren aurka; eta 4 eta 0 Beasainen aurka. Etxetik kanpo lortu ezin dituen puntuak etxean batzen jarraitu beharko dute gorrixek.

Sailkapeneko seigarren postura erori da orain Anaitasuna; 28 punturekin play offetan sartzeko borrokan jarraitzen du taldeak. Igandean, 16:30ean, Deportivo Alaves B bigarren sailkatua izango dute bisitari Xabi Artetxeren mutilek, Txerloian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide