Maria Jesus Arzuaga: "Lehen mailako arreta zainketa berezietan egoteko moduan dago"

Andoni Elduaien 2021ko abe. 9a, 09:00
Maria Jesus Arzuaga.

Maria Jesus Arzuagak (Azkoitia, 1958) 36 urte daramatza sendagile lanetan. Euskadiko Sendagileen Sindikatuko kidea da, eta lehen mailako arretan egin du lan azken urteotan. Dena den, "lan karga handiagatik" eta egoera "eraman ezina" bihurtu zaielako, arlo hori uztea erabaki du, eta larrialdietan hasi da orain.

Zer egoeratan zaudete lehen mailako arretako langileak?

Lan asko dugu. Lanean hasi nintzen lehen urteetan, kasik ez genuen lanik, eta lanik ez izatetik gehiegi izatera igaro gara. Lehen mailako arreta zerbitzua okertzen joan da pixkanaka, baina COVID-19arekin heriotza iritsi zaio; oso larri dago. Profesionalak estresatuta gaude; batzuk, gainera, psikologikoki daude gaizki. Gero eta baja gehiago ari da hartzen jendea. Lehen, 30-35 paziente izaten genituen, eta orain, sei edo zortzi gehiago artatu behar izaten ditugu.

COVID-19a iritsi aurretik ere lehen mailako arreta egoera txarrean zegoela diozu.

Lehen mailako arreta zainketa berezietan egoteko moduan dago; oso gaizki dago. Sendagilerik ez dago, eta zerbait pentsatu beharko dute goi karguek. Horrela, ezin da. Bestalde, lankideren bat gaixotzen bada, gure agendari gaixo gelditu den sendagilearen agendako pazienteak gehitu behar izaten dizkiogu. Oporren garaian ere izaten da arazorik.

"Ondo legoke guri agenda prestatzen diguten politikariak eta agintariak egun batean gugana etortzea"

Zuen egoerak gaixoei eragiten die zuzenean.

Beste aldean daude pazienteak, eta guztiak ez dira berdinak: COVID-19a duen paziente bat modu jakin batean artatu behar da; aldiz, 18 urteko gazte bat katarro pixka batekin etortzen bada, beste modu batean. Hirugarren batek, ordea, minbizia edo arazo psikologikoak izan ditzake, eta guk nahitaez pertsona horrekin aurrez aurre egon beharra dugu. Pertsona lasaitu, hura entzun, haren barnean sartu, sentitu, esploratu eta galderak egin behar izaten dizkiogu. Gure ordutegiarekin, guztiak zaku berean sartu behar izaten ditugu. Ezin zaigu jarri medikuoi hamar minutuero pertsona bat artatzeko agenda; izan ere, posible da gaixo batekin zazpi minutu behar izatea, baina, agian, hogei minutu beharrezkoak izango dira beste batekin. Ondo legoke guri agenda prestatzen diguten politikariak eta agintariak egun batean gugana etortzea. Alboan eserita ikusiko lukete gure lanegun bat nolakoa den.

"Pazientea ikusi egin behar da, hura ukitu eta entzun. Bestela, ezinezkoa da"

Pandemiak areagotu egin du zuen lan karga. Zertan?

Orain, ez dugu denborarik ezertarako. Guztia aldatu zaigu. Telefonotik paziente bat artatzea edo kontrolatzea zaila da. Adineko batek sabel aldean mina duela esaten duenean, ezin da jakin telefonoz bestalde dagoen horren mina zenbatekoa den; min hori edozer gauza izan daiteke. Nola diagnostikatu daiteke pertsona bat ikusi gabe? Pazientea ikusi egin behar da, hura ukitu eta entzun. Bestela, ezinezkoa da.

Aurrez aurreko zerbitzua ezbaian egon da. Zer ondorio ekarri ditu horrek?

COVID-19ari beldurra diolako, jendeak ez du osasun zentroetara etorri nahi izan, eta orain, gaixotasunak agertu zaizkie zenbait pertsonari. Eutsi eta eutsi egon da jendea, eta horrela, gaixotasuna okertu besterik ez zaie egin. Osakidetzak etenda izan ditu bularreko nahiz koloneko minbizia hautemateko probak, eta orain, kasu asko agertu dira.

"COVID-19ak estali dituen gaixotasun askok dagoeneko ez dute konponbiderik"

Erraza izango al da egoera horri aurre egitea?

COVID-19ak estali dituen gaixotasun askok dagoeneko ez dute konponbiderik. Minbizia, esaterako, ez dago konpontzerik kasu askotan. Beste gaitz batzuek izango dute irtenbidea, errazagoak direlako artatzeko edo ez direlako horren larriak.

Maria Jesus Arzuaga.

Nola ikusten duzu lehen mailako arretaren etorkizuna?

Etorkizun txarra aurreikusten diot, eta gainera, antolaketa aldetik hobekuntzak egiten ez badira, are gehiago okertuko da egoera. Nire iritziz, Osakidetzak langileei galdetu behar lieke zein den beren egoera. Ez diot langile guztiei galdetu behar zaienik, baina ESI bakoitzeko kide batzuekin egon behar lukete gutxienez, egoera ezagutzeko eta horren arabera antolaketa eredu bat zehazteko. Bide batez, sendagileak motibatu behar dira era batera edo bestera, medikuak falta baitira. Egoera dagoen moduan dagoelako eta baldintzak kaskarrak direlako, sendagile batzuek utzi egin diote lanari.

"Sendagileon borondateagatik ari da Osakidetza lana aurrera ateratzen"

Nolakoa da osasun langileon harremana Osakidetzarekin?

Osakidetzak kalitatezko agenda egiten du. Era berean, kontrolatu egiten digu nola egiten dugun tratamendua pazienteekin eta estandar guztiak betetzen ote ditugun. Osakidetza enpresa bat da, eta lana aurrera atera behar da. Sendagileon borondateagatik ari da Osakidetza lana aurrera ateratzen.

Zergatik diozu hori?

Duela urte batzuk, osasun zentro guztiak eskualdeetako ESIetan banatu zituen Osakidetzak. ESI horien barruko anbulatorio eta ospitale guztietarako gerentzia bera da. Orduan hasi zen guztia okertzen; izan ere, gerentzia horiek ospitaleetan daude, ez osasun zentroetan. Gerentzia batzuk lehen mailako arretakoak dira, eta besteak ospitaleetakoak. Gerentzia ospitalekoa bada, eta horren ardura duen pertsonak ospitalean lan egiten badu, ospitaleko egoera ezagutzen du soilik. Baina lehen mailako arretan badugu bitartekaria, pertsona hori ez da etortzen kasik osasun zentrora; hark ez du ezagutzen zein den gure egunerokoa. Aldiz, goi karguena ere tentuz aztertzeko kontua da: sail bakoitzean egon behar duen espezialistak ezagutu egin behar du bere lanpostua.

Txertaketaren inguruko datu batzuk dituzu esku artean.

Txertoaren aurkakoak eta aldekoak daude, baina gustatuko litzaidake azaltzea zein den txertoa hartuta dagoenaren eta hartu gabe dagoenaren arteko aldea. Hain zuzen ere, %8 murrizten da txertatuta dagoen batek txertatu gabe dagoena kutsatzeko aukera. Era berean, larrialdietan ospitaleratzeko aukera %18 txikiagoa da txertatuta egonez gero, eta ZIUetan ospitaleratzeko aukera %21 jaisten da. Bestalde, txertatuta %25 murrizten da hiltzeko arriskua 60 eta 80 urte arteko pertsonen artean.

"Txertoak elkar kutsatzeko arriskua ez du %100ean saihesten, baina babesa ematen du"

Halere, txertatuta dauden asko ari dira positibo ematen.

Txertoak sendatu ez du egingo beharbada, baina ikusten ari gara txertatuta dagoen jendeak arinago pasatzen duela gaitza. Ospitaleratzeak ere gutxitu egin dira. Azken olatuan ospitaleetan egon den jendearen ehuneko handi bat txertatu gabea izan da. 45 edo 60 urteko pertsona asko ZIUetan egon dira, eta gainera, gaizki. Txertoak elkar kutsatzeko arriskua ez du %100ean saihesten, baina babesa ematen du. Gainera, txertoa hartu ez duten pertsonen artean birusa errazago mutatzen da. Gripearen moduan, gure artean gelditzeko etorri da COVID-19a.

"Paziente batekin amaitzerako beste hiru gehitzen dira gure agendan"

Lehen arretako lana utzi eta larrialdietan hastea erabaki duzu. Zergatik?

Egoera honek eragin didan lan kargagatik eta eraman ezinagatik. Sendagileoi gustatu egiten zaigu gaixoekin aurrez aurre egotea; azken finean, modu horretan egiten dugu lana gustura. Gaixoa pertsona da, eta egon egin behar da harekin. Gustura utzi behar da pazientea, eta gaizki dagoenari babesa eman behar zaio. Gaur egun ez dago modu horretan lan egiterik; izan ere, paziente batekin amaitzerako beste hiru gehitzen dira gure agendan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide