Gipuzkoako Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du ostiralean Tta-kun areto futbol taldeak

Andoni Elduaien 2021ko abe. 8a, 14:13

Tta-kun taldeko jokalari bat, baloia oinetan duela. (Argazkia: Tta-kun AFE)

Gipuzkoako Lehen Mailan ari den Antiguoko taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Tta-kun taldeak. Ostiralean, 21:30ean hasiko da neurketa Elkargunean.

Tta-kun areto futbol taldeak Gipuzkoako Kopako finalerdietan sartu nahi du ostiralean. Etzi, abenduak 10, Donostiako Antiguoko taldearen aurka jokatuko dute azkoitiarrek final laurdenetako kanporaketa. Elkarguneko kantxan, 21:30ean jokatuko dute partida azkoitiarrek, eta irabazten duen taldeak egingo aurrera egingo du txapelketan.

Azkoitiarrak maila ona ari dira erakusten kopan. Orain arte jokatutako neurketa guztiak aurrera ateratzeko gai izan da Tta-kun. Kopako lehen kanporaketan, Idiazabal Bai Reformas kanporatu zuen taldeak. Neurketa bina berdindu egin ondoren, penaltietan 4 eta 2 irabazi zuten azkoitiarrek. Bigarren kanporaketan, berriz, Donipari taldeari 5 eta 4 irabazi zion. Hirugarren kanporaketan, berriz, ez zuten jokatu beharrik izan; izan ere, zozketa egin ondoren ez zitzaien egokitu aurkaririk, eta horrela lortu zuten final laurdenetan sailkatzea.

Txapelketa final laurdenetara iritsi da, eta ostiralean beste koska bat gora egiteko aukera izango du Tta-kun taldeak zaleen aurrean. Hala eta guztiz ere, ez du aurkari samurra izango aurrean; izan ere, Gipuzkoako Lehen Mailan ari da jokatzen Antiguoko. Azkoitiko Tta-kun taldea, ostera, Gipuzkoako Bigarren Mailan dago egun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide