Azkoitia-Azpeitia ISBk garaipen garrantzitsua lortu du Advisoria Mataro Maresme taldearen aurka

Andoni Elduaien 2021ko abe. 8a, 13:07

Iparragirre, aurkaria defendatzen.

Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak 66 eta 62 menderatu du ligako azken sailkatua. Hamar porroteko bolada etetea lortu du horrela. ISBk bi garaipen ditu orain, gaur aurrean izan duen aurkariak baino garaipen bat gehiago.

Azkoitia-Azpeitia ISBk denboraldiko bigarren garaipena erditsi du gaur, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean, eta hamar porroteko katea haustea lortu du. Advisoria Mataro Maresme taldea izan du aurrean ISBk, ligako azken sailkatua. Hala eta guztiz ere, mailari eusteko borrokarako ezinbestekoa duten garaipena eskuratu dute Andoni Lazkanoren neskek.

Pare-pareko neurketa jokatu dute Azkoitia-Azpeitia ISBk eta Bartzelonako taldeak. Lehen laurdena 16 eta 13 amaitu da, baina atsedenaldira bi puntu goitik iritsi dira kataluniarrak, laurdena 10 eta 15 amaitu ondoren. Atsedenaldiaren ondoren, borrokarako grina erakutsi du ISBk, eta laurdena bereganatzea lortu du (22 eta 18).

Neurketa azken laurdenean erabakitzeko utzi dute bi taldeek; izan ere, azken hamar minutuak jokatzen hasi aurretik 48 eta 46 erakusten zuen markagailuak. Hasiera ona eman dio Lazkanok zuzentzen duen taldeak, eta hamar puntu goitik ere egon dira une batez. Halere, segituan kargatu da taldea falta pertsonalez, eta epaileak zenbait teknika ere adierazi dizkio ISBri. Modu horretan lortu dute kataluniarrek markagailua estutzea.

Goizeko partidan Juana Maria Molina nabarmendu da; izan ere, 16 puntu lortu ditu, 23 puntuko balorazioa lortzeko. Molinarekin batera, Marguerite Manuela Effa eta Intza Lizarazu izan dira ISBko onenak, 15 eta 10 puntuko balorazioa lortuta, hurrenez hurren. Hurrengo neurketa larunbatean jokatuko du Azkoitia-Azpeitia ISBk, Valentziako (Herrialde Katalanak) Nou Basquet Paterna taldearen aurka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide