Azkoitia BHIko lan batek irabazi du Durangoko Azokaren 'portaDA!' lehiaketa

Andoni Elduaien 2021ko abe. 4a, 10:00
Eskuinean, azkoitiarrek egindako lana. (Durangoko Azoka)

DBH-Batxilergoko kategorian irabazi du Azkoitiko ikastetxeak portada onenaren saria. Euskal Herri osoko ikasleek parte hartu dute Durangoko Azokak antolatutako 'portaDA!' lehiaketan, Ikasle Goizaren testuinguruan antolatutakoa.

Osasun-egoerak baldintzatuta, Durangoko Azokak ezin izan du aurten urtero bezala aurrez aurreko Ikasle Goiza antolatu. Horren ordez, 'portaDA!' lehiaketa egin du kulturaren plazak. Euskal Herriko ikastetxeek erronka bati egin behar izan diote aurre: euskarazko liburu edo disko baten portadarekin sormen lan bat egin behar izan dute, portada eta elementu fisikoak tartekatuz.

Azokak jarritako proposamenari heldu diote Euskal Herriko ikastetxe ugarik, eta txoko askotatik jaso dituzte proposamenak, baita Azkoititik ere. DBH-Batxilergoko kategorian, Azkoitia BHI ikastetxeko Piztiaren begiak –Alberto Ladron Arana da liburuaren egilea– lana saritu du Durangoko Azokak. Azkoitiarrek Huntza taldearen egokitutako kontzertua izango dute. Durangoko Azokak nabarmendu du jaso dituzten lan guztiak "maila onekoak" direla, "oso proposamen sortzaileak" jaso baitituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide