Euskarazko ahozko ondarea jasotzen laguntzeagatik hainbat herritar omendu ditu udalak

Andoni Elduaien 2021ko abe. 3a, 12:17

Ahotsaken proiektuan 28 lagunek parte hartu dute 2019az geroztik, eta horiei aitortza egin zien atzo udalak. Era berean, aurten hitanoaren inguruko lanketa egiteko elkarrizketatu dituzten herritarrei ere oroigarriak banatu zizkien erakundeak.

Azkoitiko Udalak 2019an berrartu zuen Ahotsak proiektua, eta orduz geroztik egitasmoan parte hartu duten herritarrak omendu ditu Euskararen Eguna ospatzeko. Atzo, osteguna, udalak partaide horiek guztiak omentzeko ekitaldia egin zuen udaletxeko bilkura aretoan, eta horiei beren grabazioa entregatu zien oroigarri gisa. Azken bi urteetan 28 lagunek parte hartu dute Ahotsaken elkarrizketetan.

Marijose Arregi Euskara zinegotziak zuzendu zuen ekitaldia eta horrela hitz egin zuen: "Harro diogu Azkoitia euskararen arnasgunea dela. Bada, eta izaten jarraituko du, baldin eta gure haurrei eta gazteei, gure ondorengoei, transmititzen badiegu euskarak egiten gaituela euskaldun. Euskara sentitu egin behar dute, sentitu egin behar dugu. Euskararik ez duenak ez daki zer galtzen duen. Euskara dugunon egitekoa da, ordea, euskarari bizi-indarra ematea. Udal honek euskararen alde lanean jarraituko du", azaldu zuen aurkezpenean.

Aintzane Agirrebeñak zuzentzen du Ahotsak.eus proiektua, eta hark etxetik bidalitako bideo baten bitartez parte hartu zuen ekitaldian. "Eskerrak eman nahi dizkiet proiektuan parte hartu duten guztiei, bai iaz Ahotsak proiekturako elkarrizketetan parte hartu zutenei, baita aurten Azkoitiko hitanoa bultzatzeko egin den proiekturako elkarrizketatuei ere. Oso kontu interesgarriak azaldu dituzue guztiok, eta horiek oso baliagarriak izango dira bai guretzat eta bai gure ondorengoentzat".

Azkoitiarrei egindako elkarrizketa guztiak Ahotsak.eus webgunean daude, bi proiektutan banatuta. Guztira, 80 hizlariren elkarrizketak ikus daitezke, 1.390 ikus-entzunezkotan. Batetik, Ahotsak proiekturako egindako elkarrizketak daude, Azkoitiko Ahotsak izeneko atalean. Bestetik, Hike eizan! proiekturako egindako elkarrizketak ikus daitezke, izen bereko atalean.

Hitanoa indartzeko apustua

Ahotsak proiektuaren xedea da Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea. Aurten, ordea, "hitanoa indartzeko apustua" egin du Azkoitiko Udalak, hitanoa "emakumeen artean galtzen" ari delako, eta gizonezkoen artean "sarritan" ez delako zuzen ibiltzen. Ahotsaken bitartez eta Hike eizan! proiektuaren barruan, hika hitz egiteko ohitura duten herritarrak elkarrizketatu dituzte. Honako bideo honetan jaso dituzte elkarrizketa zatiak:

Saio horietan parte hartu duten herritarrek ere oroigarri bana jaso zuten atzo. Javier Zubizarreta alkateak ere elkarrizketetan parte hartu du, eta oroigarria jaso ostean, hitza hartu zuen. Emazteak eta biek elkarri betidanik hika egin diotela adierazi zuen hark. "Xelebrea egingo litzaidake orain emazteari zuka hastea. Honezkero, horrela bukatuko dugu. Hika edo zuka, ezingo nuke euskararik gabe bizi. Ikasketak egitera Donostiara joan nintzenean, gelan 65 bat lagun ginen, eta hiruk egingo genuen euskaraz. Nire ikaskideek abizen euskaldunak zituzten, besteak beste, Bergaretxe, Larrea, Etxebeste eta Egizabal. Haien gurasoek euskaraz hitz egiten zuten, baina beraiek ez; izan ere, baserritarrena-edo zelako, baldartzat jotzen zuten. Euskarak zuztar asko ditu, baina etxekoa da sendoena. Etxetik hasi behar da euskara maitatzen eta erabiltzen". Nemesio Etxaniz poetaren doinuak abestuz itxi zen ekitaldia. Xabier Eizagirre Hike eizan! proiektuko sustatzaileetako batek jarri zuen ahotsa eta Marijose Arregi zinegotziak akordeoi doinuak eskaini zituen.

Ekintza gehiago

Aste honetan banatu du udalak etxe guztietan Azkoittiko Hike gida. Eizagirrek landu du, dozena bat herritarren laguntzarekin. Dokumentuan gehien erabiltzen diren aditzak jaso dituzte. Bestalde, joan den astean egin zen ohiko udalbatzarrean Euskararen Egunari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuten alderdi guztiek. Gaur, berriz, Euskararen Eguna ospatzeko, euskal musika entzun ahalko da kalean jarrita dauden bozgoragailuetatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide