San Martin auzoko irisgarritasuna hobetzeko azterlanean jasotako alternatibak aurkeztu dituzte

Andoni Elduaien 2021ko abe. 3a, 09:57
'Oteiza' aretoa bete egin zen azalpenak entzuteko.

San Martin auzoko irisgarritasun arazoei konponbidea emateko udalak egin duen alternatiben azterlana aurkeztu zieten atzo arratsaldean auzoko bizilagunei, Elkargunean. Dozenaka auzotar elkartu ziren aurkezpenean. LKS Krean enpresak egin du alternatiben azterketa, eta horietako bat hobetsi dute udalak eta enpresak.

Azkoitiko Udalak eta LKS Krean enpresak San Martin auzoko irisgarritasuna hobetzeko alternatiben azterlana aurkeztu zieten auzotarrei atzo, osteguna, Elkargunean. Jende ugari elkartu zen aurkezpenean; izan ere, goraino bete zen Oteiza aretoa. Hainbat alternatiba aurkeztu zizkieten herritarrei, baita horien guztien abantailak eta desabantailak ere. Auzotarrek Javier Zubizarreta alkateari, Xabier Gorrotxategi LKS Kreaneko kideari eta Arturo Garate udal arkitektoari beren kezkak eta iritziak galdetzeko aukera ere izan zuten batzarrean.

San Martin auzora iristeko egun dauden hainbat ardatz azaldu zituen Gorrotxategik. Balda, Joakin Egia, Ricardo Otaño eta Beidazar kaleak lotuko lituzkeen ardatzaren azterlana azpimarratu zuten bileran, hura izan baitzen udalak eta LKS Kreanekoek hobetsitakoa. Beidazar kaletik Balda kalera dagoen arrapalaren ondoan igogailu bat jartzea proposatu zuten; igogailu horrek hiru geraleku izango lituzke: lehena, Beidazar kalean; bigarrena, Balda kalean; eta hirugarrenak, Ricardo Otaño kalera eramango luke. Hain zuzen ere, igogailutik kale horretara arrapala bat jartzeko aukera dagoela azaldu zuen Gorrotxategik. Eta handik, Ama Josefa eta Jose Egino kaleetakok etxebizitzen artean arrapala gehiago jarriko lituzkete. Era berean, Ricardo Otaño kaletik Beidazar kalera beste arrapala bat eraikitzea aurreikusi dute, "bi kaleak konektatzeko". Proiektu horrek eduki lezakeen balio ekonomikoaren berri ere eman zuen Gorrotxategik. Hain zuzen ere, 828.952,54 eurokoa litzateke lanaren aurrekontua proiektuarekin aurrera egitea erabakiko balukete.

Borobilean, igogailua jarriko luketen lekua; marra zuzenekin, arrapalak.

Baztertutako azterlanak

Beste bi azterlan ere egin ditu LKS Krean enpresak, baina hainbat arrazoi tarteko, baztertu egin ditu. Azterketa horietako bat da Tomas Larrazpuru kalekoa. "Zokoan" gelditzen dela esan zuen, eta genero ikuspegitik ere "apartutako tokia" dela iritzi zion konexio horri. Era berean, geometrikoki zein teknikoki ere bere "zailtasunak" ditu kaleak, ez daudelako hainbeste ibilbide zuzen. Horregatik guztiagatik, ardatz horren aukera baztertu egin zuen LKSko kideak.

LKS Kreaneko kideak hirugarren ardatza deitu zion, bestalde, San Martin auzoaren erdigunean, Nemesio Otaño eta Altuna Portu kaleen arteko eskailerazko pasabide luzeari. Ardatz horretan, Balda kaletik Idiakez kalera –Nemesio Otaño kalean– igogailu bat jartzea, Idiakez kaletik Ardatz elkarte gastronomikora –Nemesio Otaño kalean– beste igogailu bat jartzea, eta Ardatz elkartearen atzean Altuna Portu kalera eramango lukeen arrapala bat edota arrapala zein igogailua jartzeko aukerak daudela adierazi zuen Gorrotxategik. Aukera hori ere baztertu egin zuen LKS Kreaneko kideak, eta honela arrazoitu zuen: "Eskailerak dauden lekuan igogailuak sartzen baditugu, eskailerak lekuz kanpo gelditzen dira. Iruditzen zaigu San Martin auzoko jendearentzat konexio garrantzitsua dela hori. Badago eskailerak igogailuaren moduloari itsasteko aukera, baina horrela igogailuak hartuko lukeen bolumena handiagoa izango litzateke. Gainera, eskailerak beharko genituzke alboan". 

Xabier Gorrotxategi LKS Krean taldeko kidea.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide