Juan Mari Arruabarrenak Udal Musika Bandaren omenaldia jaso du

Julene Frantzesena 2021ko aza. 28a, 14:33

Santa Zezilia egunaren harira eskaini du kontzertua bandak, Baztartxo antzokian. Juan Mari Arruabarrena saxofoi jotzaileak omenaldia jaso du, bandan 50 urte egin dituelako. Bandaren nahiz udalaren oroigarriak jaso ditu hark.

Santa Zezilia egunaren harira, Udal Musika Bandak kontzertua eskaini du gaur, igandearekin, Baztartxo antzokian. Emanaldi berezia izan da; izan ere, bandan 50 urte egin dituen Juan Mari Arruabarrena saxofoi jotzaileak omenaldia jaso du. Bandako kideek oroigarria eman diote Arruabarrenari, eta lore sorta bat haren emazteari. Gainera, Javier Zubizarreta alkateak Udane Juaristiren margolan bat oparitu dio musikari azkoitiarrari.

Arruabarrenak esan duenez, ez zekien omenaldia jasotzekoa zenik, eta eskertuta agertu da egin dioten keinuarekin. Azkoitiko alkateak ere hitza hartu du oroigarria ematean, eta hark eskerrak eman dizkio Arruabarrenari: "Zerbaiti hainbeste eskaintzeko hiru gauza behar izaten dira: zaletasuna, maitasuna eta nortasuna. Eskerrik asko, Juan Mari, hirurak izateagatik".

Bandako musikariek hainbat abesti eskaini dituzte gaurkoan, hala nola Consolat de mar, Abul Khatar-El fuego del ala, Toyland suite, Coffee serenade eta Hijo de la luna. Emanaldiari bukaera emateko, berriz, Mikel Laboaren hainbat abestirekin osatutako Laboakadak jo du bandak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide