16.260.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernuak

Andoni Elduaien 2021ko aza. 26a, 12:50
Janire Igoa eta Ana Azkoitia, aurrekontu proposamena aurkezten. (Udala)

Aurrekontu proposamenaren %9 baino gehiago inbertsioetara bideratzeko asmoa azaldu du Udal Gobernuak, besteak beste, Azoka plaza eraberritzera eta herriko argiteria aldatzera. Datozen egunetan jasoko dituzte gainerako alderdien ekarpenak eta iradokizunak, eta abenduaren 22ko udalbatzarrean onartuko dituzte.

Azkoitiko Udal Gobernuak 16.260.000 euroko 2022ko udal aurrekontu proposamena aurkeztu du. Udal Gobernuaren hitzetan, "igoera nabarmenak" proposatu ditu, bereziki, Gizarte Ongizatean eta Hirigintzan. Inbertsioetarako, gainera, %9,21 aurreikusi dute, besteak beste, Azoka Plaza eraberritzeko eta herriko argiteria aldatzeko.

Koalizio gobernua osatzen duten EAJko Ana Azkoitiak eta PSE-EEko Janire Igoak azaldu dituzte kontuen nondik norakoak. "Aurrekontu oro oinarrizko ariketa baten emaitza da, alegia, beharrak eta inbertsioak lehenetsi eta zenbaki taula batean txertatu behar dira. Diru-sarrerak mugatuak dira. Mantenuen kostu altua duten gero eta zerbitzu gehiago eta hobeak ditugu, eta gastu arruntak, aldiz, direnak dira. Horiek dira, besteak beste, udal baten inbertsio ahalmena zehazten duten faktoreak. Etxeko ekonomian gertatzen den bezala, ezinezkoa zaigu nahiko genukeen guztia egitea. Oinak lurrean ditugula eta zuhurtzia osoarekin, inbertsioetarako %9,2 bideratzea proposatzen dugu, 1.496.960,69 euro, alegia", adierazi du Ogasun zinegotziak.

Udal Gobernuaren asmoa da datorren urteko aurrekontuak abenduaren 22an egingo duten ohiko udalbatzarrean bozkatzea; izan ere, aurrez EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeen eskaerak eta iradokizunak jasoko ditu Udal Gobernuak. Ekarpenak jaso ostean, horiek "aztertu" eta "baloratu" egingo dituztela azpimarratu dute Azkoitiak eta Igoak.

Inbertsioetara, %9 baino gehiago

Udal Gobernuak duen "apustuetako" bat da Azoka Plazaren eraberritzea. "Aurten, Azoka Plazaren inguruko azterketa egin dugu, eta jarraibideak jasota daude bertan. Testuinguru horretan, oso garrantzitsua da guretzat instalazioak berritzea, hala nola teilatua eta barrualdea". Lan horiek egiteko, 220.000 euro jarri nahi ditu Udal Gobernuak.

Herriko argiteria publikoa aldatzea, aldiz, "kostu altuko esku-hartzea" dela nabarmendu du udalak, eta dagoeneko lanak esleituta daudenez, eginkizun horiekin urtarrilean hasiko direla adierazi du erakundeak. 2022ko aurrekontu proposamenean 429.960,60 euroko partida aurreikusi du Udal Gobernuak argiteria aldatzera. Nahiz eta inbertsio osoa 975.038,36 eurokoa izan, udalak 490.000 euroko diru laguntza jaso zuen Europatik herriko luminaria aldatzeko.

Erea berean, Oteiza frontoietan komun publikoa jartzeko nahia azaldu du Udal Gobernuak. Goiko-Losa pilotalekua eraberritzea, Oteiza frontoiak txukuntzea eta txakurrentzako parke bat eraikitzea dira jaso dituzten beste proiektuetako batzuk. Azken horiei 2021. urteko aurrekontuetatik eratorritako beste zenbait proiektu gehitzeko asmoa du Udal Gobernuak, hala nola Floreagako bigarren igogailuaren instalazioa, parke bio-osasungarria, eta skate, kalistenia zein parkour parkea. "Azken proiektu horrek geldialdia izan zuen pandemia tarteko, baina berriro heldu zaio", azaldu du Azkoitiak.

Udal Gobernuak, bestalde, Elkarguneko igerilekua handitzea, eta San Martin auzoko nahiz San Jose egoitzako irisgarritasuna hobetzeko proiektuen idazketak "proiektu estrategikoak" direla nabarmendu du. "Mahaigainean dauden proiektuak dira, aurreikusitakoak, eta gerakina erabiliko da finantziatzeko. Aurrekontuek urtebete hartzen dute eta aipatutako proiektuek, duen tamainagatik, lan luzeagoa eskatzen dute".

Igoera handiena, Gizarte Ongizatean

Udalaren arabera, aurrekontuen proposamenean Ongizate, Berdintasun eta Inmigrazio batzordeak du igoerarik handiena. %6,18ko igoera aurreikusten dute zerbitzuak mantentzeko, optimizatzeko edota ekimen berriei bide emateko. "Berriki Eguneko Arreta Zerbitzua jarri dugu martxan, adineko pertsonei beraien etxeetan bizitzen jarraitzen laguntzeko. Beharrei erantzuten ahalegintzen gara eta zerbitzu berria horren proba da; eta noski, aurrekontuan ere badu eragina", azaldu du Janire Igoak. Etxez Etxeko Zerbitzura bideratutako diru-partidan %7,37ko igoera proposamena egin du Udal Gobernuak.

Udaltzaingora, ia bikoitza

Gainerako batzorde edo sail gehientsuenetara bideratutako diru-partidek "ez dute aldaketa nabarmenik" izango. Halere, bada beste salbuespen bat ere; izan ere, Udal Gobernuak egindako aurrekontu proposamenak Udaltzaingoaren diru-partida ia bikoiztea aurreikusi du. "Kamera bidez, ibilgailuen matrikulen irakurketa bidezko zaintza eta kontrol sistema berria ezarri nahi da sarrera-irteeretarako, eta horixe da igoeraren arrazoia".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide