Fernando Tapia: "Arreta psikologikoa eskatu duten ikasleen kopurua %25 igo da"

Berria 2021ko aza. 27a, 09:00
Fernando Tapia.

EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordeak ohartarazi du ikasturte honetako lehen hiruhilekoan gora egin duela arta psikologikoa eskatu duten ikasleen kopuruak.

Zuzenbidean doktorea da Fernando Tapia Alberdi (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969), eta, horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordea eta unibertsitateko arreta psikologikorako zerbitzuaren arduraduna. Tapiak nabarmendu duenez, etorkizunaren inguruko "ziurgabetasuna eta ezinegona" sentitzen dute arreta psikologikoa eskatzen duten ikasle askok. Garaiz esku hartzea da giltzarrietako bat, errektoreordearen ustez.

Zer-nolako arreta psikologikoa eskatzen dute zuengana iristen diren ikasleek?

Bi profil nagusi daude. Batetik, arreta eskatzen duten ikasleen %40k buruko desorekaren batekin bateragarria den sintomatologiaren bat erakusten dute. Ikasle horiek jada desorekaren bat garatu dute. Adibidez, estresarekiko erantzun larriak, antsietatea, depresio aldiak, eta alor horretako beste arazo batzuk izaten dituzte. Artatzen ditugun beste %60ek, berriz, osasunean eragiten duten arazoren bat izan arren, oraindik ez dute garatu buruko desorekarik edo nahasmendurik. Bigarren multzo horretan, kasuak antzekoak izan ohi dira. Bizitzari aurre egiteko zailtasunekin edo gizarte giroarekin lotuta egoten dira normalean.

Zeintzuk dira kezka nagusiak?

Bigarren multzoko ikasle gehienek etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna eta ezinegona dauzkate. Arazo eta kezka askoren jatorria itxaropenik ez izatearekin lotu genezake. Gaur egungo egoera nola dagoen ikusita, ez dute irtenbiderik ikusten: soldata miserableak, emantzipatzeko ezintasuna, ikasketak amaitu eta lanik ez aurkitzea, eta horrelako kezkak izaten dituzte. Horregatik, kasu horietan garrantzitsua da lehenbailehen esku hartzea, desorekaren bat sortu aurretik arazo horiei aurre egitea.

Beraz, prebentzioa da garrantzitsuena?

Bai, eta bereziki nabarmenduko nuke. Izan ere, artatzen ditugun ikasle gehienek ez dute garatu berezko patologiarik, eta merezi du alor horretan esfortzu bat egitea. Ikusi dugu nola kontsulta gutxirekin ikasle horiek aurrera egiten duten. Normalean, hiru edo sei kontsultarekin nahikoa izaten dute egoera zail horretatik ateratzeko.

Doako zerbitzua da?

Noski. Ikasleei ez zaie ezer kobratzen. Uste dugu buru osasuna zaintzea ez dela bakarrik ordaindu dezakeenarentzat. Oso balio garrantzitsua da hori guretzat, eta beharrezkoa ikusten dugu doako zerbitzua izatea. Gainera, ez bakarrik ikasleek, EHUko edozein langilek ere eska dezake laguntza. Halere, ikasleak dira etortzen zaizkigun gehienak.

Berria egunkariak argitaratutako elkarrizketa. Irakurri osorik, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide