Sanandresak 2021

Sanandresak, bertan behera

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 25a, 20:08

Gaur arratsaldean elkartu da Udaleko Bozeramaileen Batzordea, eta bertan hartu dute erabakia. Osasun Sailak gaur argitaratutako datuak kontuan izanda hartu dute erabakia, baita festetako hainbat jardueretako parte-hartzaileen eta antolatzaileen iritzia kontuan hartuta ere. Asteburuan Baztartxon, Gurean eta Elkargunean izango diren ekintzak aurrera jarraituko dute. 

San Andres jaiak bertan behera uztea erabaki du Azkoitiko Udaleko Bozeramaile Batzordeak. Gaur arratsaldean elkartu da batzordea, eta Osasun Sailak gaur bertan argitaratutako datuak ikusita hartu dute erabakia. Hain zuzen, udal ordezkarien arabera, azken egunotan "egoera gaiztotu egin da" eta 550,78 tasako intzidentziarekin sanandresekin aurrera jarraitzea "guztiz desegokia" litzateke. Dena den, erakundeak esan du kontuan hartu duela festetako hainbat jardueretako parte-hartzaileen eta antolatzaileen iritzia, haiek ere "aurrera ez jarraitzeko borondatea azaldu baitute".

Asteburuko zenbait ekintza, aurrera

Asteburu honetarako aurreikusitako ekintzei dagokienez, zenbait jarduera mantentzea erabaki du Bozeramaile Batzordeak. Hain zuzen, larunbatean Sahatsa dantza taldeak eskainiko duen Matalaz ikuskizunak eta igandean Udal Musika Bandak Santa Zeziliaren omenez eskainiko duen kontzertuak aurrera jarraituko dute. Bi emanaldi horiek Baztartxo antzokian izango dira. Horiez gain, aurrera jarraituko dute igande arratsaldean Gurea pilotalekuan jokatuko diren pilota partidek eta Elkargunean izango den bertso saioak, azken hori Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta. "Leku horiek denak esparru itxiak izanik, aurreikusten da indarrean dagoen urriaren 6ko dekretuan jasotako prebentzio neurriak betetzea berma daitekeela", azaldu du udalak. 

Gainerako ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte, bai asteburuan egitekoak zirenak nahiz San Andres Egunera begira antolatutakoak.

Gaur egin du festen inguruko bilkura Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. (Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide