Anaitasuna 2-1 nagusitu zaio Lagun Onaki

Ane Olaizola 2021ko aza. 20a, 18:30
Gaurko partidaren irudi bat. (Anaitasuna futbol taldea)

Gaizki hasi du partida gizonezkoen talde nagusiak, bere atean gola sartu baitute gorriek. Bigarren zatian, ordea, markagailua irauli dute azkoitiarrek. Zaleez leporaino bete dira Txerloiako harmailak.

Aspaldiko betekadarik handiena hartu dute gaur, larunbata, Txerloia futbol zelaiko harmailek, iaz ez bezala, asko izan baitira Anaitasunaren eta Lagun Onaken gizonezkoen taldeen arteko derbia zuzenean jarraitu dutenak. Partida bizia izan da Espainiako Hirugarren Mailako taldeek jokatu dutena, eta azkenean, etxeko taldeak eraman du garaipena.

Trakets hasi du norgehiagoka Anaitasunak, partida hasi eta minutu gutxira bete atean sartu baitute gola gorriek. Bi taldeek izan dituzte golak sartzeko aukerak lehenengo zatian zehar, baina atsedenera arte, ez da beste golik zenbatu, eta markagailuan Azpeitiko taldea joan da aurretik. Hain zuzen, bigarren zatian markagailua irauli du Azkoitiko taldeak: izan ere, 62. minutuan Pastrianek partida berdintzea lortu du, eta handik gutxira taldeari garaipena eman dion gola egin du Markelek. Horrenbestez, 2-1 amaitu dute derbia Anaitasunak eta Lagun Onakek.

Gaurkoarekin, Anaitasunak ligako hirugarren partida irabazi du jarraian, eta, beste hiru puntu eskuratuta, sailkapeneko laugarren postuan da Azkoitiko taldea.

Garaipen gozoa emakumezkoek

Emakumeen Euskal Ligako taldearen txanda ere izan da gaur arratsaldean. Haiek ere etxean, San Juan futbol zelaian, jokatu dute partida, eta gizonezkoek bezala, hiru puntu eskuratu dituzte haiek. Azkoitiko taldea erraz nagusitu Goierri-Gorri taldearen aurka, eta gorriek gol zaparrada eskaini dute etxean. Izan ere, sei gol sartu dituzte Anaitasunako Maider, Irantzu, Leire Ucin eta Eneritz jokalariek; aurkariek, berriz, ezin izan dute golik sartu. Ligako 10. jardunaldia jokatuta, sailkapeneko laugarren postuan da Anaitasuna, 19 punturekin. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide